Gizartea -

Bortxazko lapurreta

Gizon bat atxilotu dute Bilbon hainbat autotan lapurtzeagatik

Zarandoa etorbidean zegoen auto baten barruan ezustean harrapatu zuten, eta korrika alde egin ondoren, Larrakotorre kalean geldiarazi zuten.

Bilboko udalak utzitako argazkia.
policia-municipal-bilbao
Bilboko udalak utzitako argazkia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du larunbat goizaldean, bortxazko lapurreta delitua egotzita, Bizkaiko hiriburuko San Ignazio auzoan.

Bizilagun batek ohartarazi zituen agenteak, eta hauek, San Ignazio auzoko kaleak miatzeari ekin zioten. Horretan ari zirela, Kanaria Uharteen kalean indarrez irekitako bi auto lokalizatu zituzten, eta ibilgailu horien jabeak ohartarazteko prozesuari ekin zioten, susmagarria bilatzeari utzi gabe.

02:00ak pasata, beste hiritar baten deia jaso zuen Udaltzaingoak, ustezko lapurra Zarandoa etorbidean zegoela esanez. Bertan, agenteek auto baten barruan zegoen gizon bat ezustean harrapatu zuten. Ustezko lapurrak, orduan, ziztu bizian egin zuen alde, Larrakotorre kalean amaitu zen pertsekuzio bati hasiera emanez. Kale horretan atxilotu zuten, azkenik, ustezko lapurra.

Udaltzainek egiaztatu zuten gizonezkoaren deskribapena bat zetorrela bizilagunek emandako informazioarekin, eta, prebentzioz miatu ondoren, ustez autoetan lapurtutako hainbat objektu atzeman zizkioten. Lapurreten ustezko egilea atxilotu egin zuten, bortxazko lapurreta delitua egotzita.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lapurretak