Gizartea -

KORONABIRUSA

32 milioi pertsona muturreko pobrezia egoeran sartuko dira covid-19agatik

NBEk ohartarazi duenez, muturreko pobrezian bizi diren herritarren kopurua % 3 haziko da munduan gutxien garatutako 47 herrialdeetan.

"32 milioi pertsona muturreko pobrezia egoeran sartuko dira covid-19agatik". Argazkia: EFE
"32 milioi pertsona muturreko pobrezia egoeran sartuko dira covid-19agatik"
"32 milioi pertsona muturreko pobrezia egoeran sartuko dira covid-19agatik". Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Muturreko pobrezian bizi diren pertsonen ehunekoa % 3 igoko da munduan gutxien garatutako 47 herrialdeetan, pandemiaren ondorioz. Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi duenez, ehunekoa % 32,2tik % 35,2ra igoko da, eta horrek 32 milioi pertsona pobrezia larrian egongo direla esan nahi du (NBEk "muturreko pobrezian" jotzen ditu egunean 1,9 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsonak edota familiak).

Herrialde horiek pandemiaren erronkak espero baino hobeto gainditu zituzten, epidemiekin izandako esperientziaren eta demografia mesedegarriaren ondorioz. Demografia horrek, oro har, dentsitate txikiko populazio gazteak ditu ezaugarri. Baina Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenerako Biltzarrak (Unctad) egindako txostenaren arabera, koronabirusaren ondorio ekonomikoek "hondamena" ekarri dute.

Erakundeak aurreikusi duenez, herrialde horietako BPGa % 0,4 jaitsiko da duela urtebete % 5eko hazkundea espero zenean. Herrialde gehienak  Afrikakoak dira, baina Asiakoak, Ozeaniakoak eta Amerikako bat (Haiti) ere badaude.

Covid-19aren ondoriozko krisi ekonomikoa gehien pairatu duten herrialdeak kanpo-merkataritzaren mendekotasun handiena dutenak izan dira. Horien artean daude erregai (Angola, Txad, Mozambike, Yemen), mineral eta metal (Zambia eta Ginea) eta jantzi esportatzaileak (Bangladesh, Haiti eta Nepal), baita helmuga turistikoak ere, hala nola Vanuatu edo Kanbodia.

Pandemiak goitik behera jarri ditu Garapen Jasangarriaren Helburuak eta hezkuntzarekin, osasunarekin eta genero-berdintasunarekin lotutako beste helburu batzuk lortzeko aurreikuspenak. Horren aurrean NBEren Merkataritza eta Garapenerako Biltzarrak esan duenez, "gutxien garatutako herrialdeetan irabazi edo galduko da 2030 Agendaren borroka”.

Txostenak nazioartearen arreta erakarri nahi du, herrialde horiei laguntza ekonomikoa eman diezaien, haien produkzio-gaitasunak hobetzen hasita, horiek direlako haiek garatzeko oinarrizko tresna.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Krisi ekonomikoa Nazioartea NBE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ozeania Koronabirusa