Gizartea -
Geologia
Euskalsis, jarduera sismikoa atzemateko eta neurtzeko sare propioa
Isolatutako eremuetan kokatutako 15 estazioko sarea izango da, eta lur azpiko mugimendu txikiena ere aztertzeko aukera emango du.
agentziak | erredakzioa
EAEk Euskalsis jarri du martxan, jarduera sismikoa atzemateko eta neurtzeko sare propioa, eremu isolatuetan kokatutako 15 estaziok osatua, eta lur azpiko mugimendu txikiena ere aztertzeko aukera ematen duena.
Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendariak eta Alex Franco Meatzaritza Baliabide Geologikoen arduradunak aurkeztu dute proiektua Oiartzunen (Gipuzkoa), sarearen estazioetako baten ondoan.
Ansolak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat beharrezkoa zen "egunero informazio sismikoa ematen duen" sare bat osatzea mugimenduen eta lur azpiaren berri izateko, izan ere, horri esker lur sail bakoitzean zein eraikuntza mota egin jakin ahal izango dute.
Euskalsisen estazioak geominero.eve.eus webgunean egongo dira ikusgai datozen asteetan, eta bertan agertuko dira EAE osoan, elkarren artean 25-30 kilometroko distantzian, banatuta dauden estazioen datuak.
Sareak "etengabe" jasotzen ditu datuak eta Energiaren Euskal Erakundera eta Oviedoko unibertsitatera bidaltzen ditu, hori baita Espainiako Estatuan mugimendu sismikoetan erreferentzia.
Bat tamainako gertakari sismiko bat dagoenean, datuak eskuz jorratuko dituzte, eta "zehaztasun handiagoz kokatuko da lurraren mugimendua izan den lekua", azaldu du Francok.
Gainera, "ikuspuntu geologikotik lur azpia nolakoa den" jakin ahal izango dute, "non dauden pitzadurak", eta harrobietako leherketen eragina ere aztertuko dute.
Dena dela, Francok aitortu du neurgailuek ez dutela balio lurrikarak aurreikusteko, "oso zaila" baita hori, eta "soilik arrisku handiko lekuetan jartzen dituzte gailuak, zerbait aurreikusteko gaitasuna dutenak, baina oso denbora tarte txikiarekin".
Estazio bakoitzaren kostua 15.000 eurokoa izan da, eta barnean ditu sismografo bat eta uhin sismikoak neurtzen dituen kapsula bat 10 metroko sakoneran sartuta. Lur-azalean armairu bat dago kokatuta, bateriekin, modem batekin, digitalizagailu batekin eta argindarra emango dion eguzki plaka batekin.