Gizartea -

KORONABIRUSA

Kataluniak 1. fasean jarraituko du, egoera epidemiologikoak okerrera egin baitu

Hasierako aurreikuspenen arabera, 2. fasera igaro behar zuen datorren astelehenean, baina birusaren erreprodukzio adierazlea 0,92ra igo ostean, neurriak ez arintzea erabaki du Generalitateak.

Tabernetako terrazak zabalik daude Katalunian. Argazkia: EFE
Bartzelonako erdiguneko terraza bat, hutsik
Tabernetako terrazak zabalik daude Katalunian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Deseskalatze prozesuan aurrera ez egitea erabaki dute Katalunian, azken egunetan egoera epidemiologikoak okerrera egin ostean. Hasiera batean, datorren astelehenean 2. fasera igarotzea zen asmoa, baina, birusaren erreprodukzio adierazlea 0,92ra igo ostean, gutxienez beste bi astez 1. fasean jarraitzea erabaki dute.

Kutsakortasuna neurtzen duen erreprodukzio adierazleak 0,9aren azpitik jarraitu behar zuen hurrengo fasera pasatzeko. Alba Verges Generalitateko Osasun kontseilariak atzo azpimarratu zuenez, baina, aste honetan eten egin da azken asteetako kutsatzeen beherakada.

Hiru egunez jarraian igo egin da birusaren erreprodukzio adierazlea (Rt), 0,77tik 0,92ra igarota, eta agerraldi bat izateko arriskua, ostera, 217 puntukoa da (asteazkenean baino zazpi gehiago).

Testuinguru horretan, Valgesek baieztatu du Kataluniak beste 15 egunez eutsiko diela 1. faseko neurri murriztaileei. Hala ere, egunez egun aztertuko dute egoera. 

Kataluniak azaroaren 23an hasi zuen deseskalatzea, eta lau fase aurreikusten ditu. 1. fasean, tabernak, jateteak, zinema-aretoak, antzokiak eta kirol instalazioak zabaldu zituzten, mugekin bada ere.

Fase horretan, % 30eko edukiera baimendu dute taberna eta jatetxeetan, % 50ekoa antzoki eta zinema-aretoetan, eta % 30ekoa gimnasio eta dendetan. Halaber, gehienez sei laguneko bilerak egin ahal dituzte. Asteburuetan, ostera, ezin da udalerritik atera.

Mugikortasuna 3. fasera arte mugatuta egongo bada ere, Gabon gauean eta Gabon egunean, San Esteve egunean (abenduaren 26a) eta Urtezahar gauean Katalunian ez ezik Espainiako estatu osoan ere mugitu ahalko da.

Hala ere, senideekin elkartzeko soilik baimenduko da mugikortasuna.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa COVID kasuak Konfinamenduaren deseskalatzea