Gizartea -
Abusuak
8 urteko zigorra, Donostian lagun baten alabari abusuak egin zizkion gizonarentzat
2015 eta 2017 artean gertatu ziren sexu abusuak, umeak 12 eta 14 urte bitartean zituenean. Urrian egindako epaiketan, baina, auzipetuak errugabetzat jo zuen bere burua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako baserri batean eta Gaztela Leongo herri batean lagun baten alabari sexu abusuak egiteagatik auzipetutako gizonari zortzi urte eta erdiko zigorra ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak. 2015 eta 2017 artean gertatu ziren sexu abusuak, umeak 12 eta 14 urte bitartean zituenean.
Urrian egin zuten epaiketa, eta Fiskaltzak 24 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen gizon horrentzat. Juan Roman Zubillaga abokatuak gidatutako akusazio partikularrak (biktimaren ama), berriz, 26 urte eta erdiko espetxe egonaldia eskatu zuen auzipetuarentzat.
Epaiketan, baina, errugabetzat jo zuen bere burua azken honek, eta aske uzteko galdegin zion epaileari.
Epaiaren arabera, 2015eko udazkenean hasi ziren sexu abusuak. Garai hartan, auzipetuak Donostiako baserri batean igarotzen zituen egunak ume horrekin eta haren aitarekin (lankide eta lagun zuen).
Ebazpenak argitu du aita baserrian ez zegoenean edo bazkaria prestatzen zegoenean "aprobetxatzen" zuela auzipetuak haren alabarekin egoteko.
Auzitegiaren ustez, bi sexu delitu egin zituen, eta guztira zortzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote horiengatik.
Gainera, 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio erasotzaileak adingabeari, eta ezingo du 12 urtetan harekin harremanik izan.