Gizartea -
Hondakinen kudeaketa
GHK-k jakinarazi du erraustegian energia sortzeko baimena jaso berri duela
Asensiok iragarri du behin behineko baimena jaso dutela, Industriak ukatu eta lau egunera, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak erraustegia geratzeko eskatu ostean.
agentziak | erredakzioa
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako (GHK) presidente eta Ingurugiro diputatuak jakinarazi du Zubietako erraustegia daraman enpresak argindarra sortzeko instalazioa martxan jartzeko behin behineko baimena jaso duela.
Asensiok ohar batean azaldu duenez, gaur arratsaldean jaso dute jarduera baimentzen duen agiria, Industria Sailak ukatu eta lau egunera. EH Bilduk eta Elkarrekin Gipuzkoak erraustegia gelditzeko eskatu dute Industria Sailaren erabakia jakin ostean.
Diputatuak uste du jardueraren baimena luzatzen duen agiriak "agerian" uzten duela "batzuk manipulatu nahi izan duten izapide administratibo hutsa" izan dela, eta "benetan garrantzitsuena Gipuzkoak lehen mailako azpiegitura duela eta hondakinen kudeaketaren arazoa konponduta izatea" dela.
Ordu batzuk lehenago, baimena jaso aurretik, Asensiok iragarria zuen Zubietako erraustegiak "normaltasun osoz" jarraitu behar zuela lanean, "hondakin guztiak tratatuz".
EH Bilduren eta Elkarrekin Gipuzkoaren Batzar Nagusietako taldeek Zubietako erraustegiaren "jarduera bertan behera uztea" uztea eskatu dute gaur, eta egoera "argitu" arte azpiegitura kudeatzen duen enpresari ez ordaintzea.
Juan Karlos Izagirre eta Maria Valiente EH Bilduren eta Elkarrekin Gipuzkoaren bozeramaileek prentsaurrekoa eman dute gaiaren inguruko iritzia emateko, eta esan dute hondakinen kudeaketa pribatizatzeak (Ekondakin enpresaren esku utzita) "galarazi" egiten duela azpiegituraren gaineko "kontrola", eta agerian uzten duela "jarraipena egiteko ardura politiko falta, interes pribatuen mesedetan beti".