Gizartea -
Ostalaritza
Terraza jartzeko aukera erraztuko die Udalak Donostiako ostalariei
Aparkalekuak kendu eta terrazentzat leku gehiago gordeko du Udalak. Gainera, fatxadetan aulkiak ezartzeko euskarriak baimenduko dituzte, jendeak taberna kanpoan egoteko aukera izan dezan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hainbat neurri eta bitarteko berri jarri ditu martxan Donostiako Udalak ostalariei laguntzeko asmoz. Hala, ostalaritza berriro irekitzen dutenean, orain arte terrazarik ez zuten taberna eta jatetxeei aukera berriak eskainiko dizkiete; besteak beste, ate aurrean ez bada ere, establezimendutik gertu terrazak eta gas berogailuak ezarri ahalko dituzte.
Eneko Goia Donostiako alkateak astelehen honetan eman duen prentsaurrekoan esan du tabernak berriro zabaltzen dituztenean aplikatuko dituztela neurri horiek, baina horretarako ostalariek aldez aurretiko eskaera egin beharko dutela.
Esan bezala, aparkalekuak kendu eta terrazentzat leku gehiago gordeko du Udalak. Gainera, fatxadetan aulkiak ezartzeko euskarriak baimenduko dituzte, jendeak taberna kanpoan egoteko aukera izan dezan.
Oraingoz, taberna eta jatetxeak itxita daude, eta asteazkenean Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordeak egingo duen bilera bukatu arte ez dute argituko noiz irekiko dituzten.