Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Derioko komentu batean jai bat ospatzen ari ziren dozenaka gazte identifikatu dituzte

agentziak | erredakzioa

Ertzaintzak legez kanpoko festan parte hartu duten 67 pertsona identifikatu ditu, eraikinetik atera ahala, goiz osoan martxan egon den operazio batean.

0:49
Gazteak identifikatzen ari da Ertzaintza

67 gaztek festa bat ospatu dute gau osoan Derioko (Bizkaia) komentu baten ostatu batean. Ertzaintza goizeko lehen orduan hasi da parte-hartzaileak identifikatzen, , eraikinetik atera ahala, eta 13:30ak aldera bukatutzat eman du operatiboa, Segurtasun Sailak adierazi duenez.

Ertzaintzak bart jaso du abisua, 22:00ak aldera, San Joseko ostatuan (Derioko Klaristen monasterioak duen ostatuan) festa bat ospatzen ari zirelako hainbat lagun.

Bertaratutakoan, agenteek ikusi zuten 30 bat ibilgailu aparkatuta zeudela eraikinaren kanpoaldean, eta musika altu jarrita zegoela baieztatu zuten, baina ezin izan zuten eraikinean sartu, jabego pribatua delako.

Hortaz, 07:00etan dozenaka gazte hasi dira ostatutik irteten eta, atera ahala, Ertzaintzak identifikatu ditu, eta arauak urratzearren proposatutako isunak jakinarazi dizkie, alegia, baimendutako pertsona kopurua gainditzeagatik eta etxeratze-agindua urratzeagatik. Gainera, udalerri bizkaitarraren inguruko errepideetan kontrolak egin dituzte, parte hartzaile guztiak identifikatzeko.

13:30 pasatxo zirenean, agenteek bukatutzat eman ditu identifikazioak, eta operazioa desegin dute, 67 salaketa jarrita.

Udalak "zentzugabekeria" deitoratu du

Derioko Udalak bere "haserrea" adierazi du gazteen "erantzukizun faltagatik" eta "zentzugabekeriagatik", baina Bizkaiko "udalerritik kanpoko pertsonak" direla esan du. Halaber, "jokabide hori gazteria osoarekin ez lotzeko" eskatu du.

"Horrelako ekintzek agerian uzten dute gizarte elkartasunik eta enpatiarik eza dagoela krisi pandemiko betean", salatu du.

Esther Apraiz alkateak esan du udalerria "haserre" dagoela gertakariagatik, eta "erantzukizun indibiduala eta kolektiboa eta osasun arauak betetzea" eskatu du. Era berean, deitoratu egin du Derio "gertaera gaitzesgarri horiengatik albiste izatea, parte-hartzaileak udalerritik kanpoko pertsonak direlako".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena