Gizartea -

Denboralea

Orduko 127 kilometroko haize-boladak Karrantzan, eta 8 metroko olatuak Donostian

Gainera, gauean 600-800 metroan botako omen du elurra EAEn, eta abisu horia ezarri dute.

8 metroko olatuak, Donostian. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
8 metroko olatuak, Donostian
Olatuek gogor astintzen jarraitzen dute kostaldean

0:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denboraleak orduko 127 kilometroko haize-boladak eragin ditu Karrantzan, astearte honetan. Bestalde, Donostian 8,3 metroko olatuak izan dira.

Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, haizeak gogor jotzen duen tokietan orduko 100 kilometroko abiadura gainditu dute haizeteek: Karrantzan 127 km/h eta Higerren eta Santa Klaran 103 km/h. Gainera, Arteagan orduko 81 kilometroko haize-kolpeak neurtu dituzte eta Mungian orduko 75 kilometrokoak.

Euskal kostaldeari dagokionez, Donostian izan dira olaturik handienak; 8,3 metrorainokoak, 03:00etan.

Aurreikusitakoaren arabera, itsasoaren egoerak hobera egingo du datozen orduetan, eta asko jota 5 metroko olatuak egongo omen dira.

Halere, elurra dela eta, abisu horia egun osoan egongo da indarrean EAEn, 700-900 metroan botako baitu elurra. Gauean, berriz, 600 metroraino jaitsi liteke elur-kota.

Bestalde, prezipitazioengatik ere ezarri dute abisu horia gaurko. 24 ordutan metro karratuko 60 litro pilatuko dira Kantauri isurialdean.

Elurra asteazkenerako

Elurragatik ezarritako abisu horia asteazkenean ere egongo da indarrean, 12:00ak arte. Gaur bezala, 600-800 metro artean kokatuko da elur-kota goizaldean eta eguneko lehenengo orduetan. Dena den, egunak aurrera egin ahala 1.000 metrotik gorako altueran botako du elurra, eta egunaren amaieran 1.500 metrotan.

Batez ere, Kantauri isurialdean egingo du euria, bai goizaldean bai gauean.

Ostegunerako olatu handiak iragarri dituzte berriro euskal kostaldean. Hori dela eta, 09:00etatik 15:00etara abisu horia ezarriko dute. 3,5 eta 4 metro arteko olatuak espero dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Bizkaia Gipuzkoa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Kantauri itsasoa Enkarterri