Gizartea -

Koronabirusa

25 pertsona kutsatu ditu covid-19ak Bilboko Txurdinagabarri erresidentzian

Positibo eman duen pertsonetako bat ospitalera eraman behar izan dute, sintomak zituelako. Beste lau Birjinetxe unitatean daude, eta gainerakoak zaharren egoitzan geratu dira, sintomarik gabe.

Bilboko Txurdinagabarri zahar-egoitza. Argazkia: Google Street View
Bilboko Txurdinagabarri zahar-egoitza
Bilboko Txurdinagabarri zahar-egoitza. Argazkia: Google Street View

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko erresidentzietan ez da inor hil azken 48 orduetan, baina Txurdinagabarri zahar-egoitzan, Bilbon, 25 pertsona kutsatu ditu covid-19ak, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

Guztira, 105 erresidentzia ditu Bizkaiak (10.748 plaza), eta astelehenean 85 egoiliar zeuden kutsatuta, larunbatean baino 25 pertsona gutxiago. Alabaina, 28 adineko ospitaleratuta daude gaur-gaurkoz.

Langileei dagokienez, 115 dira orotara positibo eman dutenak, duela bi egun baino hiru gehiago. Gainera, 51 behargin isolatuta daude, oraindik ez dakitelako gaixo dauden ala ez.

Halere, gaur eman dituzten datuak kontuan hartuta, nabarmen egingo du gora Bizkaiko erresidentzietan kutsatutako pertsonen kopuruak. Izan ere, Txurdinagabarri zahar-egoitzan egin duten baheketan 25 positibo berri atzeman dituzte. 220 egoiliar eta 211 langile ditu zentro horrek.

Dirudienez, kutsatutako adineko guztiak egoitza horretako solairu berekoak dira. Horietako bat ospitalera eraman behar izan dute sintomak zituelako. Beste lau Birjinetxe unitatean daude, eta gainerakoak zaharren egoitzan geratu dira, sintomarik gabe.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia EAE albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Adinekoak gaur Gizarte zerbitzuak albisteak Txurdinaga gaur