Gizartea -

Koronabirusa

"Derioko jaikoei desobedientzia egoztea izango da gakoa", abokatu baten ustez

Identifikatutako 67 gazteek bost neurri urratu zituzten, baina larriena agintaritzak esandakoa ez betetzea dela uste du Aitzol Asla Zuzenbide Prozesaleko irakasleak.

Asla, elkarrizketako une batean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Aitzol Asla abokatua
Aitzol Asla: "Gakoa desobedientzia da, indar handia jarriko diote horri"

6:19

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduko zubian Derioko (Bizkaia) komentu bateko ostatuan egindako legez kanpoko festan parte hartu zuten 67 gazteek hainbat neurri urratu zituzten, baina larriena, agintaritzak esandakoa ez betetzea, edo desobeditzea da, Aitzol Asla abokatu eta Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Prozesaleko irakaslearen arabera.

Aslari elkarrizketa egin diote goizean ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan. Adituak azaldu duenez, "alarma egoera ezarri zuen dekretuak ez ditu berez isunak ezartzen, eta beste lege batzuetara jotzen du horretarako, batez ere Herritarren Segurtasuna Babesteko 2015eko legea aipatzen du. Lege horren 36. artikuluan esaten da agintaritzari desobeditzeak isun larria dakarrela. Nik uste izango dela gakoa".

Aslaren hitzetan, "Ertzaintza atestatua egiten ari da, eta ziur nago horretan jarriko duela indarra". Adituak azaldu duenez, irudietan argi geratzen da gazteek bazutela ostatutik ateratzeko agindua, baina ez zutela bete. Are, euren burua grabatzea "froga gisa" erabiliko dutela uste du.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak aurreikusi duen bezala, desobedientziaz gain, abokatuak zehaztu du honako neurriak urratu zituztela gazteek: musukorik eta distantziarik gabe egotea, sei pertsona baino gehiago biltzea, udalerritik kanpo egotea eta etxeratze agindua urratzea. Azken hori frogatzea izan da denetan "zailena", horren ustez, izan ere, ez zeuden etxean, baina ezta kalean ere. "Askok itxaron dute goiza izan arte isun hori saihesteko, baina zalantzagarria da", erantsi du.

Arau-hausteok dirutan zenbat ekar lezaketen galdetuta, Aslak esan du orain arteko epaiek urraketa bakoitzeko 600 bat euro ezarri dituztela, betiere zerbait larriagoa egon ez bada. "Kasu honetan ikusi behar da kasu honetan zerbait larriagoa leporatzen ote dieten", argitu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak albisteak Gaixotasunak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Derio azken ordukoa COVIDaren agerraldiak gaur Zer egin daiteke Euskadin? Gazteak gaur