Gizartea -
MIKROBIOLOGIA
Osakidetzako ikertzaileek bi bakterio espezie berri aurkitu dituzte
Nocardia gipuzkoensis eta Nocardia barduliensis izena jarri diete, Gipuzkoaren eta Barduliaren omenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pertsonengan gaixotasunak eragiten dituzten bi bakterio espezie berri aurkitu dituzte Osakidetzako ikertzaileek. Euskal Osasun Zerbitzuak azpimarratu duenez, aurkikuntza "oso ezohikoa da" eta Euskadi mikrobiologiaren nazioarteko mapan kokatzen du.
OSI Donostialdeko ikertzaileek denbora luzean egindako lanaren emaitza da, eta gaur eman du horren berri Osakidetzak. Halaber, aurkikuntzari buruzko informazioa Microorganisms zientzia aldizkarian argitaratu dute.
Aurkikuntza horrek antzeko bakterioen portaera ulertzen lagunduko du eta eragiten dituzten gaixotasunen tratamendua hobetzeko balioko du.
Nocardia gipuzkoensis eta Nocardia barduliensis izena jarri diete, Gipuzkoaren eta Barduliaren omenez (Gipuzkoako armarrian inskribatutako antzinako izena). Bi kasuetan, Gipuzkoako gaixoetatik isolatutako bakterioak dira, Osakidetzak zehaztu duenez.
Bi espezie berri aldi berean aurkitzea ezohikoa eta bitxia dela nabarmendu du Osakidetzak. Gainera, bakterio horiek sortzen duten eritasuna hobeto ulertzen eta tratamendua hobetzen lagunduko du aurkikuntzak.
Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuko taldeak ez ezik, ikerketa lan luze horretan parte hartu dute Biodonostia institutuak, EHUk, Alemaniako Leibniz Institute DSMZ deiturikoak, Ingalaterrako Newcastle Unibertsitateak eta Txileko Antofagasta Unibertsitateak.
Bi espezie berriak Nocardia donostiensis bakterioari gehitu behar zaizkio. Bakterio hori ikertzaile talde horrek berak aurkitu zuen, Emilio Perez Trallero doktorea buru. Bakterio hori izan zen Gipuzkoan deskribatu zen lehen bakterio espeziea.