Gizartea -
Meskiten irekiera
Zabaltzeko lizentzia eman diete Bilboko bi meskitei
Dena dela, Pablo Alzola kaleko meskitak ezingo du zabaldu ez duelako obra lizentziarik tramitatu.
Erredakzioa
Pablo de Alzola eta Kontzezio kaleetako meskitak irekitzeko lizentzia eman du Bilboko Udalak. Dena dela, bigarrenak zabaldu ahalko dute soilik, ez baitute Pablo de Alzolako lokala egokitzeko lizentziarik bideratu.
Gaur eginiko prentsaurrekoan Ricardo Barkala Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, ebaluazio talde teknikoak eginiko aldeko txostenari kasu eginda eman die irekiera lizentzia Udalak bi meskitei. Urriaren 28an Udalbatzak lizentzia gehiagorik ez ematea erabaki zuen arren eman dituzte lizentzia horiek. Erabaki horri, dena dela, Udalbatza gurtza lekuen inguruan egiten ari den ordenantza erregulatzailea bukatzen den arte eutsiko diote.
Edozein motatako jarduera bat egiten hasteko, Bilboko Udalak bi lizentzia eskatzen ditu: bata jardueretakoa eta bestea obretakoa, aukeratutako jarduera garatzeko lokala egokitzera bideratua. Biak betetakoan soilik zabaldu ahal da lokala.
Pablo Alzolako mezkita
Hori dela eta, Kontzezio kalekoak soilik zabaldu ahalko dute, lizentzia biak eskatu eta baimenak eman baitizkiete. Kasu honetan, Gorte kaleko meskitaren lekualdaketa izango da, lokala itxi eta alboko kalean zabalduko baitute. Dena dela, Pablo de Alzola kaleko meskita ezingo dute zabaldu, ez duelako obra lizentziarik bideratu. Urtebeteren buruan Udalbatzak gurtza lekuen inguruan ordenantza prestatu eta onartu arte ez dute baimen gehiagorik emango, gainera.
Zinegotziak jakinarazi duenez, aurreko bi eskaerez gain, Irala auzoko Laburdi kalean meskita bat zabaltzeko eskaera bat egin zuten orain dela bi hil, nahiz eta oraingoz urtebete itxaron beharko duten tramitatzeko.