Gizartea -

GABONAK

LABIren teknikariek gaur aztertuko dute neurriak zorroztu behar diren ala ez

LABIren batzorde teknikoak pandemiaren egoera epidemiologikoa aztertuko du, eta EAEko erakundeek teknikari horien proposamenen arabera erabakiko dute neurriak zorroztu edo ez.

LABIren Batzorde Teknikoaren bilera. Artxiboko argazkia: Irekia
LABIren Batzorde Teknikoaren bilera
LABIren Batzorde Teknikoaren bilera. Artxiboko argazkia: Irekia

A. S. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABIren batzorde teknikoa gaur bilduko da, 10:00etan, pandemiak EAEn duen egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta LABIren aholku batzordeari Gabonetarako indarrean dauden neurrietan aldaketaren bat egitea beharrezkoa ote den edo ez helarazteko.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak atzo Eusko Legebiltzarreko prentsa-aretoan egindako agerraldian gaur egungo egoeraz esan zuenez, "pandemiaren intzidentzia ona da, 300eko langatik jaitsi gara 14 eguneko intzidentzia metatuan, baina horrek ez du esan nahi ondo gaudenik; oraindik ez".

Hala ere, 7 egunerako indizeak nolabaiteko geldialdia jasan duela azpimarratu zuen sailburuak, eta horrek "oso erne jarraitzea eskatzen digu". Sagarduiren hitzetan, "ez da ahaztu behar inguruko erkidegoetan eta herrialdeetan gertatzen ari dena".

Sailburuaren arabera, LABIk "adi jarraitzen du pandemiaren datuen bilakaeraren aurrean", eta gaur berriro bilduko da LABIren batzorde teknikoa, egoera epidemiologikoa aztertzeko eta duela astebete Eguberrietarako ezarri ziren prebentzio-neurriak gogortzeko aukera aztertzeko.

Erakundeek teknikarien irizpideen arabera hartuko dute erabakia

Bestalde, Josu Erkoreka lehendakariordeak adierazi zuen EAEko erakundeek teknikarien irizpideen arabera erabakiko dutela neurriak zorroztu edo ez.

Erkorekak gogorarazi zuenez, LABIren aholku batzordeari dagokio pandemiari aurre egiteko neurriak onartzea, batzorde teknikoaren ebazpena entzun eta gero. Horrenbestez, teknikariek gaur egingo duten bileraren ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak erabaki beharko du aholku batzordea bildu behar den.

Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidente ere badenak nabarmendu zuen batzorde teknikoaren ondorioak ezagutu arte itxaron behar dutela, neurriak zorroztu behar diren erabaki baino lehen.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek Gabonetarako planari eustea adostu dute aste honetan, baina, egoera epidemiologikoaren arabera, neurri gogorragoak har daitezke, baita mugikortasuna murriztu ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gabonak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak gaur COVID fokuak Zer ezin daiteke egin Euskal Herrian? LABI Euskadi