Gizartea -

Euri denboralea

Denboraleak kaltetutakoek erakundeenganako haserrea erakutsi dute

Loiolan (Gipuzkoa) dagoen Txomin Eneako 40 bat bizilagunek Martutenerako errepidea moztu dute, autoritateek "albo batera utzi" dituztela sentitu eta horren aurrean protesta egiteko.

Villabonan izandako uholdeak. Argazkia: EITB
Villabonan izandako uholdeak. Argazkia: EITB
Euri denboralea: Atsekabea eta ezina dira nagusi kaltedunen artean

06:46

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadin asteburuan izandako euri denboraleak eragindako kaltetuek erakundeekin duten haserrea erakutsi dute.

Astearte honetako 13:00ean, Loiolan (Gipuzkoa) dagoen Txomin Eneako 40 bat bizilagunek Martutenerako errepidea moztu dute,  autoritateek "albo batera utzi" dituztela sentitu eta horren aurrean protesta egiteko.

Orduek aurrera egin ahala, haserrea handituz joan da: Loiolako tren geltokiaren parean bizilagun talde bat gehitu zaie, eta basura-edukiontziak bota dituzte errepidearen gainean. Horregatik, trafikoa moztuta geratu da minutu batzuez. Ertzaintzako lau patruila bertaratu dira, eta errepideko hondakinak baztertu dituzte.

Donostiako Udalak bi bilera antolatu ditu egoerari buruzko informazioa emateko

Donostiako Udalak bi bilera antolatu ditu bizilagunekin, duela gutxi izandako uholdeen inguruan azken orduko egoerari buruzko informazio zuzena emateko, seguruekin izapideak betetzeko hartu beharreko pausoak zeintzuk diren esateko eta erreklamazioez arduratzeko.

Bilerak asteazken eta ostegunean izango dira, 19:00etan, Martuteneko erretirodunen elkartean eta Txomin Eneako bizilagunen elkartearen egoitzan, hurrenez hurren. Bertan izango dira Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea eta Udaleko beste hainbat kide, hainbat sailetako teknikoekin batera; azken horiek euren lan esparruari buruzko informazio zabalduko dute.

Izagirrek adierazi duenez, Udalaren lehentasuna kalteak jasan dituzten herritarrei laguntza ematea da eta egin behar dituzten izapideak erraztea, "arazo honi irtenbidea emateko etorkizunean hartu beharreko neurriei" buruzko ikuspegiak alderatzeaz gain.

Arrazoi horregatik, Loiolako Kultura-Etxean arretarako bulego bat jarri dute, eta asteleheneko 15:00etatik zerbitzua ematen ari da. Bulegoak orain arte hainbat pertsonari eman die arreta, "normaltasun osoz".

Herritarren artean sortutako protesten inguruan, Donostiako alkateak esan du "normala" dela bizilagunak haserre egotea euren etxea edo lokala urez bete bada, baina meteorologiari dagokionez, "salbuespenezko" egoera izan zela gaineratu du. Zentzu horretan, lankidetza lana beharrezkoa dela adierazi du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza berriak martxan jartzea aztertuko duela azaldu du, orain garrantzitsuena "kaltetuei ahalik eta azkarren laguntzea" dela nabarmenduta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea