Gizartea -

KORONABIRUSA

Beste 72 kasu atzeman dituzte Nafarroan eta % 4ra jaitsi da positibo tasa

Bezperan baino 28 kasu gutxiago dira, eta positibo tasa ere murriztu egin da. Bestelade, sei positibo atzeman dituzte atzo Irurtzunen egindako baheketari esker.

Osasun langileak PCR probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE
Osasun langileak PCR probak egiten.
Osasun langileak PCR probak egiten. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Jauregi | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

72 covid-19 kasu atzeman zituzten atzo, larunbata, Nafarroan, Lan eta Herri Osasun Institutuak (ISPLN) igande honetan emandako behin betiko datuen arabera.

Osasun sistema publikoak 1.808 proba egin zituen (PCR eta antigeno testak), eta horietatik % 4k positibo eman zuten.

Bezperan 99 kasu berri atzeman ziren eta positibo tasa % 4,4koa izan zen. Aurreko egunean, berriz, 65 kasu atzeman eta % 3,5eko positibo tasa izan zen, eta aurrekoan, 124 positibo erregistratu eta % 6,8ko positibo tasa izan zen.

Gainera, atzo bi pertsona hil ziren, 83 urteko gizon bat eta 92 urteko emakume bat; eta aurreko egunetan gertatutako hiru heriotzen berri izan zen: 60, 84 eta 88 urteko hiru gizon. Nafarroan, guztira, 943 heriotza baieztatu dituzte pandemia hasi zenetik.

Zonaldeka, Iruñean eta eskualdean erregistratu ziren kasu positibo berrien % 58, Tuteran % 14 eta Lizarran % 8. Gainerako positiboak (% 20) Nafarroako beste eremu batzuetan banatu ziren.

Erregistratutako kasu berriak adin tarteen arabera sailkatuz gero, 45-59 urte bitarteko taldea da nagusi, kasuen % 26rekin, eta, ondoren, 15-29 urte bitarteko taldea, kasuen % 24rekin. Jarraian, 15 urtetik beherakoen taldea dago, kasuen % 22rekin, eta 30-44 urteko tartea, kasuen % 21ekin. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago (% 4), eta 60 eta 75 urte bitartekoena (% 3).

Pandemiaren bilakaera ikuspegi epidemiologikotik aztertuta, atzo bost ospitaleratze berri izan ziren Foru Erkidegoan, horietako bi ZIUn. Gaur egun 149 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino bost gutxiago), eta horietako 18 ZIUn daude (atzo bezala).

Pandemia hasi zenetik 41.409 pertsona kutsatu dira Nafarroan.

Baheketa Irurtzunen

Bestale, Osasun Sailak bigarren baheketa egin zuen atzo Irurtzunen. Joan den asteartean beste bat egin zuten; izan ere, familia arteko agerraldi bat gizarteko zein eskolako zenbait arlotara zabaldu zen. Bigarren baheketa honetara 30 eta 49 urte bitarteko 700 bat pertsona zeuden deituta, eta 510ek parte hartu zuten. Hortik sei positibo berri irten dira. Beraz, aurretik 48 kasu bazeuden agerraldi honi lotuta, 54 dira orain.

Une honetan, bederatzi gela daude konfinatuta herriko Atakondoa eskolan.

Euskal Autonomia Erkidegoa

Euskal Autonomia Erkidegoan 300 covid-19 kasu berri erregistratu dira azken orduetan, aurreko egunean baino 123 gutxiago. Urriaren 4tik atzeman den kopururik baxuena da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren txostenaren arabera, larunbatean 10.102 proba diagnostiko egin ziren guztira. Positibo tasa, beraz, % 3koa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Donostia Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea