Itxi

2020/12/20

13:56

Gizartea

Mendebaldeko Sahara

Ehunka pertsonak Saharako herriarentzat "askatasuna" aldarrikatu dute

E. L. | EiTB Media

Aldarrikapenetan aurrerapauso falta salatu dute manifestariek, eta orain dela gutxi AEBek Marokoren subiranotasuna aitortu zuenez, erabaki horren aurka protesta egin dute.

  • Manifestariak Bilbon. Argazkia: EFE

    Manifestariak Bilbon. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ehunka pertsonak manifestazioetan parte hartu dute Euskadiko hiriburuetan, Mendebaldeko Saharan "askatasuna" eskatzeko eta Marokok "okupatutako lurraldeetan" autodeterminazio erreferendum berri bat exijitzeko.

Sahara Euskadi Mugimenduak eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Ordezkaritzak manifestazioak deitu dituzte. Aldarrikapenetan aurrerapauso falta salatu dute manifestariek, eta orain dela gutxi AEBek Marokoren subiranotasuna aitortu zuenez, erabaki horren aurka protesta egin dute.

Bilbon, 500 bat pertsonak manifestazioa egin dute. Eguerdian Arriaga plazan bildu dira, eta ondoren ibilbidea egin dute Bizkaiko hiriburuko kaleetan.

Saharar bandera erraldoi baten atzean, manifestariek askatasuna eskatu dute. Gizonek, emakumeek eta umeek, besteak beste, “Maroko errudun” eta “hiltzaile”, “askatasunak garaipena lortuko du” eta “gora saharar herriaren borroka”, oihukatu dute.

Sahara Euskadi Mugimenduak ohar batean azpimarratu duenez, “saharar egoerari dagokionean nazioarteko zuzenbideak argi dio: Marokok ez du lurraldearen gaineko subiranotasunik eta autodeterminazio erreferendum bat egin behar da, duela 45 urte etendako deskolonizazio prozesua bukatzeko”.

Limam Mohamed: "Euskal gizarteak Saharar herriaren auzia arrakalarik gabe babestu du beti"

Limam Mohamed Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ordezkariak azaldu duenez, erreferenduma egiteko “29 urte itxaroten” eman dituzte. Euskal gizartearen “elkartasuna” nabarmendu du Mohamedek. “Saharar herriaren auzia arrakalarik gabe babestu du beti”, gaineratu duenez.

Mohameden ahotan, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua uzten duenak Marokori Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna onartu dio bai, baina Rabatek Israelekin harremanak normalizatzearen “truke”. Washingtoneko Administrazio berriak erabakia “atzera” botako duela uste du ordezkariak, lege mailarik ez duelako eta AEBko Kongresuak berretsi ez duelako.

Bestalde, Afrikako iparraldea “bolborategi bat” ez bihurtzeko, “diplomazia aktiboagoa” egitea eskatu dio EBri.

Gasteizen eta Donostian ere manifestazioak egin dituzte eguerdian.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;