Gizartea -

Indarkeria matxista

Esparru publikoko 250 bat emakumek babesa eman diote Irantzu Varelari

Irantzu Varela ekintzaileak jasan duen milagarren erasoaren harira, manifestu bat sinatu dute emakume feministek eraso matxistak jasaten dituztela salatzeko.

Irantzu Varela artxiboko irudi batean.
Irantzu Varela
Irantzu Varela artxiboko irudi batean.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presentzia publikoa duten ia 250 emakume, idazle, kazetari, aktore, politikari eta abokatuk, manifestu bat sinatu dute emakume feministek jasaten dituzten etengabeko erasoen aurka, "tortura" direla iritzita.

Sinatzaileek (Rosa Regas idazlea, Soledad Jimenez musika, Isabel Coixet zinemagilea eta Julia Otero kazetaria, besteak beste) abenduaren 13an gizon batek Irantzu Varela kazetari eta feminismoaren ekintzailea aurpegian jo zuela gogorarazi dute, "lesbiana zikina, denok kutsatu gaituzu, kiratsa" bezalako esamoldeekin iraindu ostean.

"Emakume feministen aurkako erasoak biderkatu egin dira, bizitza jasanezina bihurtzeraino, bereziki arrazoi profesionalengatik edo matxismoaren aurkako borrokagatik presentzia publiko etengabea dugunoi", salatu dute manifestuan.

Sinatzaileen esanetan, "irainak, heriotza mehatxuak eta jazarpena eguneroko bihurtu dira sare sozialetan".

"Baina ez bakarrik hor -gaineratu dute-, kezkagarria da nola azken aldian erasoak, ahozkoak zein fisikoak, saretik kalera egin duten salto, Varelak jasan duenaren moduko muturretara iritsiz".

Manifestuaren arabera, "ez da emakume bati edo besteari egindako erasoa. Tortura da" eta Hizkuntzaren Akademiak (RAE) ezartzen duen tortura hitzaren esanahia eskaintzen du: "Norbaiti eragindako min fisiko edo psikologiko larria, hainbat metodo eta tresnarekin, harengandik aitorpen bat lortzeko edo zigortzeko asmoz".

"Hemen sinatzen dugunok, beste askoren ordezkari gisa, jasaten ari garen tortura zigortzeko modu bat dela salatu nahi dugu, eremu publikoan egin dugun esku-hartzeagatik", salatzen du testuak, eta, besteak beste, Maria Botto aktoreak, Cristina Almeida abokatuak eta Rosa Montero idazleak sinatu dute.

Manifestuak salatu duenez, "gizarteak eta erakunde publikoek tortura hori normalizatu egin dute, krimen bat ohitura huts bihurtuz", eta "badirudi komunikabide gehienek egiten diguten torturak ez duela inolako interes informatiborik edo begirunerik delituaren arloan erabaki dutela".

Halaber, kritikatu dutenez, "alderdi politiko gehienek saihestu egiten dute emakumeen aurkako tortura hori tratatzea eta arautzea".

Paula Vazquez aktoreak, Virginia Perez kazetariak, Ada Colau Bartzelonako alkateak, Elvira Lindo idazleak, Adriana Lastra politikariak, Itziar Castro aktoreak, Cristina Fallaras idazle eta kazetariak, Victoria Rosell epaileak eta Ana Pardo de Vera eta Sandra Barneda kazetariek ere sinatu dute manifestua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa