Gizartea -
KORONABIRUSA
93 pertsona hil dira Euskadin azken astean
Aurreko astearekin alderatuta kopuruak apur bat behera egin badu ere, bigarren olatuko zifra altuenetakoa da. Kutsatzeek eta positibotasun tasak gora egin dute: % 4,9an dago.
E. G. | EITB MEDIA
Azken astean 93 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) covid-19 dela eta. Aurreko asteko zifrarekin alderatuta, datuak apur bat behera egin duen arren (sei heriotza gutxiago), bigarren olatuko zifrarik altuenetakoa da honakoa.
Asterik beltzena abenduaren 9tik 16rakoa izan zen, 99 heriotzarekin, eta ondoren, azaroaren 16tik 22ra bitartekoa izan da, 97 pertsona hil baitziren orduan covid-19aren ondorioz.
Astearte honetan, bestalde, 473 positibo berri zenbatu dituzte, bezperan baino 166 gehiago. Guztira, 9.579 proba diagnostiko egin dituzte: 6.973 PRC eta 2606 antigeno. Proba kopuru gehiago eginda (1.919 gehiago), positibotasun tasak ere gora egin du, bezperarekin alderatuta beti ere. Astelehenean % 4koa bazen, % 4,9an kokatu da astearte honetan.
Ospitaleek duten presioari dagokionez, covid-19aren ondorioz 38 pertsona ospitaleratu dituzte, bezperan baino 15 gutxiago. ZIUen egoerak ere hobera egin du, beste egun batez: gaur gaurkoz, 86 dira.
Kasu positibo guztietatik, proben % 42,8 gaitza duten pertsonen kontaktuak izateagatik egin dira, eta % 31,8 sintomak izateagatik. Antzeko datuak izan ziren aurreko egunean ere.
Datuokin, 100.000 biztanleko azken 14 egunetan metatutako tasa apur bat igo da, eta 282,77ko batez besteko tasara iritsi da Euskadin. Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak du tasarik baxuena (233,98) eta Arabak altuena (376,87). Gipuzkoak ere batez bestekoa gainditzen du, 311,77.
Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,92 da. Oinarrizko ugalketa kopurua, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 0,87 da.
Baliteke zure interesekoa izatea: Aldaketa gutxi semaforoan: Agurain eta Legazpi eremu laranjara itzuli dira
Datuak lurraldeka
Bizkaiak du kasu berrien kopururik altuena, 202 positibo eman baititu, aurreko egunean baino 61 gehiago. Bilbok du kopuru handiena, 86, hau da, aurreko jardunaldian baino 20 gehiago; Barakaldok eta Getxok, 22rekin eta 14rekin, hurrenez hurren; Sestaok eta Arrigorriaga, zazpina kasurekin; Lurralde horretan, Arrigorriaga da 500 covid kasu baino gehiago dituen 5.000 biztanletik gorako udalerri bakarra, 100.000 biztanleko, 14 egunetan.
Gipuzkoan 184 kutsatze izan dira, astelehenean baino 55 gehiago. Horietatik gehienak, 35, Donostian izan dira (hiru gehiago), segidan daude Arrasate eta Azkoitia (21 eta 14 kasu, hurrenez hurren).
Lurralde horretan, adierazle gorria mantentzen dute, 100.000 biztanleko 500 kasutik gora baitaude 14 egunetan 5.000 biztanletik gorako Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain eta Ordiziako udalerrietan.
Arabako lurraldeak 83 positibo eman ditu (aurreko egunean baino 22 gutxiago), eta horietatik 65 Gasteizen izan dira, astelehenean baino zortzi gutxiago. 5.000 biztanletik gorako Arabako udalerri batek ere ez ditu 500 covid kasu 100.000 biztanleko.
Kasu horiei Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren bi pertsona gehiago gehitu behar zaizkie, astelehenean baino bi gehiago.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Adinaren arabera, kutsatze berri gehienak 40 eta 64 urte bitartekoei dagozkie (172 positibo berri), ondoren 19 eta 39 urte artekoak daude (115 kutsatze), eta, azkenik, 18 urtetik beherakoak daude (82 kutsatze). 65 urtetik gorakoek 103 kasu zenbatu dituzte, horietatik 51, 80 urtetik gorakoak.
100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa altuena 80 urtetik gorakoen (375,17) eta 18 urtetik beherakoen (338,28) artean dago. Txikiena 65 eta 79 urte bitarteko biztanleena da (170,71).
Adinekoen egoitzen egoera
Bizkaiko adinekoen egoitzen sareko hiru erabiltzaile hil dira azken orduetan covid-19aren ondorioz. Hortaz, bigarren olatua hasi zenetik 123 dira hildakoak. Gaur gaurkoz, 207 erabiltzaile daude gaitzak jota, azken kontaketan baino lau gutxiago.
Astearteko datuei erreparatuta, 134 adineko zeuden koronabirusarekin (lau gehiago) eta 38 ospitalean zeuden (lau gutxiago), Foru Aldundiaren arabera. Horrez gain, Birjinetxeko zentro soziosanitarioan 61 pertsona zeuden. Horietatik 22 adinekoen zentroetako erabiltzaileak ziren, eta 39, egoera zaurgarridun pertsonak.
Gipuzkoan egin diren PCR probek 19 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan, horietako 17 Aretxabaletako Debagoiena egoitzan, eta 81 positibo dira jada egoitza zentro horretan. Gainera, erabiltzaile bat hil da azken orduetan covid-19aren ondorioz.
Aldundiak jakitera eman duenez, hildakoa Donostiako Julian Rezola egoitzakoa da. Bestalde, Gipuzkoako egoitzetako 18 erabiltzailek gaixotasuna gainditu dute azken orduetan.
Era berean, Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan 47 pertsona daude ospitaleratuta.
Gaur egun, 166 covid-19 kasu aktibo daude. Covid-19aren pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 472 pertsona sendatu eta 119 hil dira.
Arabako Foru Aldundiak emandako datuei dagokienez, azken orduetan, adineko pertsonentzako egoitzetako bederatzi erabiltzailek gainditu dute covid-19a; hain zuzen ere, IMQ Igurco egoitza pribatuan zortzi pertsona osatu dira eta Alto del Prado-Caser egoitza pribatuan, bat. Guztira, Arabako egoitzetan bizi diren 238 pertsonak gainditu dute gaixotasuna pandemiaren bigarren fase honetan.