Gizartea -

HEZKUNTZA

Celaa legea behin betiko onartu da Senatuan

PPk, Ciudadanosek eta UPNk jarritako hiru betoak eta, PSOEk, ERC-Bilduk eta EAJk izan ezik, gainerako alderdiek aurkeztutako 644 zuzenketak errefusatu dituzte.

Isabel Celaa Senatuan. Irudia: EFE
Isabel Celaa Senatuan
Isabel Celaa Senatuan. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LOE legea aldatzeko lege organikoaren proiektua, Lomloe edo Celaa legea, behin betiko onartu dute asteazken honetan, Gabon bezperan, 2020ko Senatuko azken osoko bilkuran, eta ez diote zuzenketarik egin Goi Ganberan.

Hezkuntza lege berriak, demokrazian onartutako zortzigarrenak, aurrera egin du aldeko 142 botorekin, kontrako 112rekin eta bederatzi abstentziorekin, Kongresutik iritsitako testu berarekin. Orain, Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu behar da.

PSOEk, ERCk, EAJk, Compromisek, Mes per Mallorcak, Aurrera Andaluziak, Geroa Baik, Más Madridek eta En Comú Podemek babestu egin dute legearen azken testua.

PPk, Ciudadanosek, Voxek, Coalicion Canariak, UPNk, PARek eta Kantabriako Alderdi erregionalistak kontra bozkatu dute.

Junts per Catalunya, Teruel Existe eta EH Bildu abstenitu egin dira.

Isabel Celaa Hezkuntza ministroa hunkituta agertu da osoko bilkuraren amaieran. Lomce edo Wert legea "iragana da", adierazi du, eta orain "ongietorria" eman diotela Lomloeri, ekitatea eta bikaintasuna lortu nahi baititu.

Lege berriak ikasle guztiei "aurrera egiteko" aukera ematen diela eta bost printzipiotan oinarritzen dela ziurtatu du: adingabearen interesa, irakaskuntzaren pertsonalizazioa, hezkidetza, garapen iraunkorra eta digitalizazioa.

PPren, Ciudadanosen, Voxen eta UPNren ustez, legea "hilda jaio da", eta bereziki kritikatu dute "adostasun falta" edo Espainiako Gobernuak "separatistei saldu izana", gaztelania komunikazio hizkuntza gisa kenduta, arau hori aurrera ateratzeko.

Gainera, gurasoek ikastetxea aukeratzeko duten "askatasunari", itunpeko irakaskuntzari, Hezkuntza Bereziko ikastetxeei eta Erlijioari "eraso" egitea arbuiatu dute.

Rosa Peralek (EAJ) tramitazioa "azkarregia" izan dela uste du, nahiz eta otsailaren 25era arteko epea izan, baina Celaa legea ez dela itunpekoaren eta Hezkuntza Bereziko zentroen aurkakoa eta ez duela gaztelania ezabatzen adierazi du.

CSIF sindikatuaren ustez, legeak "ez ditu gure hezkuntzaren egiturazko arazoak konpontzen, pandemiak larriagotu egin dituenak", eta "arauaren elementu positiboak garatzeko eta gabeziak gutxitzeko negoziazio adostua" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza