Gizartea -

Manifestazioa

Ehunka pertsonak “airearen kalitate txarraren” aurka protesta egin dute Durangaldean

"Zer arnasten dugu?" lelopean, manifestariek isilik Durangotik Iurretara ibilbidea egin dute. "Airearen kalitatearen arazoaren" aurrean "ekitea" eskatu dute.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

400 bat pertsonak manifestazioa egin dute gaur Durangoko eta Iurretako kaleetan, airearen kalitatea hobetzea eskatzeko, antolatzaileek jakitera eman dutenez.

"Zer arnasten dugu?" lelopean, manifestariek isilik Durangotik Iurretara ibilbidea egin dute, Durangairea plataformak deituta.

Besteak beste, Julian Rios Durangoko alkateordeak eta EH Bilduko Iurretako zein Durangoko zinegotziek parte hartu dute protestan.

Manifestazioaren amaieran, parte hartzaileek ohar bat irakurri dute Iurretako plazan, eta Durangon, Iurretan zein inguruko beste herrietan "airearen kalitatearen arazoaren aurrean jarduteko" deia egin dute.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren eta eskualdeko udal batzuen "immobilismoa" salatu dute, Durangoko Udalak eskatutako txosten baten ondorioak "baztertu eta ukatu dituztelako"; izan ere, Udalak bentzeno maila altuak zeudela jakin zuen.

Elkarretaratzean parte hartu duten herritarrek, "alarmisten akusazioak" gezurtatu dituzte, eta eskualdeko airearen kalitatearen arazoa konpontzeko "elkarrekin lan egiteko" beharra nabarmendu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak Osasun albisteak Manifestazioak Iurreta Ingurumena Durangaldea albisteak