Gizartea -

Koronabirusa

Sagardui: "Gaurkoa egun berezia da, bide berri bat hasten dugu covid-19aren aurka"

10:00etan, Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitalean jaso dituzte dosiak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak harrera sinatu du. Lehen 405 dosi horiek gaur jarriko dituzte.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. Argazkia: Irekia.
Gotzone Sagardui
Sagardui: ''Pandemiaren aurkako bide berri bati ekin diogu''

1:33

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pfizerrek eta Biontechek garatu duten covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosiak gaur goizean iritsi dira Euskadira, Gasteizko Ajuria zahar-etxean (Araba), Elorrioko laguntza zentroan (Bizkaia) eta Hondarribiko Caser Betharram zahar-etxean (Gipuzkoa) banatzeko. Hain zuzen ere, Guadalajaratik ekarri dituzte lehen 405 dosi horiek.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua lehen txertoen harreran izan da, eta gaurkoa egun "berezia" dela nabarmendu du, "pandemiaren aurkako borrokan aro berri bat hasi delako".

10:00etan, Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitalean jaso dituzte dosiak, eta Sagarduik harrera sinatu du. Txertoaren etorrera "itxarondako unea" dela esan du, eta pandemiaren "aurreko eta ondorengo" bat izango dela gaineratu du.

Materiala jasotzean, Osasun Saileko sailburuak Iñaki Berraondo Osasun sailburuordea, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria eta Araba ESIko langileak izan ditu ondoan.

Lehen dosiak

Jaso den materiala entrega aurreratu bat da, 405 dosi ditu, eta hiru lotetan banatu dira, txertaketa-kanpaina hasiko den hiru lurralde historikoetako egoitzetan banatzeko: 140 dosi Araban, 85 dosi Bizkaian eta 180 Gipuzkoan.

Osasun arloko 16 profesionalek osatutako Osakidetzako taldea hiru egoitzetan egongo da gaur, egoiliarrei eta zentroetako profesionalei txertoa jartzeko. "Egun berezia da, baina bide bat daukagu egiteko, eta ordura arte ezarritako prebentzio neurriak mantendu behar ditugu", gogorarazi du Sagarduik.

Aurreikuspenen arabera, astero 16.000 dosi inguru bidaliko dira Euskadira, eremu soziosanitarioan txertoa ematen jarraitzeko, bai egoiliarrentzat, bai profesionalentzat. Ildo horretatik, gaurkoa egun "historikoa" eta esanguratsua dela nabarmendu du sailburuak, gaurko ekintza "sinbolikoa" izan arren.

"Bihartik aurrera hasiko gara dosi gehiago jasotzen, eta lehendabizi, gure egoitzetako egoiliarrak txertatuko ditugu. Ondoren, haien zaintzaz arduratzen diren langile soziosanitarioak, eta gero Osakidetzako profesionalak, azken batean herritar guztiak txertatu arte". 

Urkullu: "Txertoak itxaropen izpi bat zabaldu du, baina arduraz jokatu behar dugu"

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Twitter bidez zabaldutako mezu batean aipatu duenez, "Europa osoan koronabirusaren aurkako lehen txertoak jartzen hasi dira gaur". Ildo horretatik, txertoak "itxaropen izpi bat" zabaldu duela nabarmendu du, baina pertsona guztiak babesteko "hilabete asko" beharko ditugula gaineratu du.

"Arrazoi horregatik, prebentzioa eta norberaren babesa ezinbestekoak dira, hori da txertorik eraginkorrena. Zuhurtzi eta ardura osoz neurriak betetzen jarraitu behar dugu. Ezin dugu egindako lan guztia alperrik galtzen utzi", esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea