Gizartea -
Eguraldia
'Bella' ekaitzak 131 km/h-ko haize-boladak eta 14 metrorainoko olatuak utzi ditu EAEn
Astearte honetan 7 metroko olatuak espero dira kostaldean, eta elur-maila 600 metrotara jaitsiko da barnealdean. Egun osoan alerta laranja egongo da indarrean, itsasaldeko arriskuagatik.
Agentziak | EITB Media
Azken orduetan Euskadira iritsi den denboraleak 131 km/h-ko haize-boladak utzi ditu Karrantzan. Gainera, Donostiatik 12 miliatara 14 metroko olatu bat neurtu dute astelehen honetan. Hain zuzen ere, euskal kostaldean gaur izandako olaturik altuena izan da hori.
Testuinguru horretan, haize-boladak 108 km/h-koak izan dira gaur arratsaldean Jaizkibelen, 106,6 km/h-koak Galea puntan, 104,4 km/h-koak Cerrojan eta 101,3 km/h-koak Santa Klaran. Goizean, haizeak indar handiagoa izan du Urduñan, 121 km/h-ko abiadura hartu baitu. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 86,8 km/h-koak izan dira Mungian.
Horrez gain, Donostiako buian 8,2 metroko olatu adierazgarria neurtu da. Leku horretan bertan, 9,1 metroko altuera izan duen olatu bat neurtu dute eguerdian. Alabaina, Donostiatik 12 miliatara neurtu dute gaurko olaturik handiena, 14 metrokoa.
Gainera, 28 urteko gazte bat zauritu da astelehen honetan Orioko (Gipuzkoa) kai-muturraren goialdetik erorita. Gertaera 11:30 aldera jazo da. Segurtasun Sailak azaldu duenez, gaztea beste pertsona batekin batera kai-muturraren goiko plataformatik korrika zihoala, olatu handi batek hormaren kontra jo du. Olatuak arrastaka eraman du, eta malekoiko beheko plataformara erori da, 4 metroko altueratik.
Ezbeharra izan duen gazte horren lagunek Ertzaintzari deitu diote, eta inguruan zegoen patruila batek konorterik gabe topatu du. Orduan, gune seguru batera eraman dute, eta handik Donostia Ospitalera eraman du anbulantzia batek.
Gainera, olatu handiak direla eta, alerta laranja ezarri dute kostaldean, eta pasealeku nagusiak eta malekoiak itxi dituzte. Hala, Donostian olatu handiak ikusi ahal izan dira:
Bittor Murguzur eitb.eus-eko erabiltzaileak drone batekin grabatu du 'Bella' ekaitzak Mutrikun utzi duen denborale bortitza:
'Bella' ekaitzaren ondorioz, gaur goizean, Herrerako mendatea itxi behar izan dute elurraren ondorioz, bigarren mailako errepide sarean. Sare nagusia berriz, zabalik egon da Euskal Autonomia Erkidego osoan.
Dena dela, Euskadiko mendate guztiak zabalik daude jada, baina azken orduetan bota duen elurraren ondorioz, ibilgailu guztiek kateak behar dituzte Herrerako mendatean (Araba), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ildo horretatik, agintariek arretaz gidatzeko gomendioa eman dute honako mendateetan: Aiurdin, Altube (AP-68), Azazeta, Barazar, Barrerilla, Bernedo, Larreineta, Opakua, Urduña, Urkiola eta Zaldiaran.
Astearte honetarako aurreikuspena
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, astearte honetan 7 metroko olatuak espero dira kostaldean, eta elur-maila 600 metrotara jaitsiko da barnealdean.
Hori dela eta, alerta laranja ezarriko dute egun osoan nabigazioan, itsasaldeko arriskuagatik, nabigaziorako lehen bi milietan; izan ere, 6-7 metroko altuera izango dute olatuek, baina pixkanaka jaitsiko dira, eta 5 metro inguruan kokatuko dira arratsalde-gau partean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoa 5-6 metrokoa izango da, eta 4 metrora jaitsiko da egunaren bigarren partean. Mendebaldeko haizeak itsaso zakarra sortuko du.
Horrez gain, abisu horia ezarriko dute bihar, kasu honetan kostaldeko arriskuagatik. Testuinguru horretan, olatuak paseoetara eta malekoietara iritsiko dira, batez ere lehen itsasgoran.
Lehen itsasgora 03:57an izango da, eta 4,46 metroko olatak espero dira. Bigarren itsasgora 16:18an izango da, eta 4,29 metroko olatuak egongo dira. Halaber, 03:00etatik 05:00etara alerta laranja ezarriko dute itsasaldeko arriskuagatik.
Bestalde, egun osoan abisu horia egongo da indarrean elurragatik barnealdean. Elur-kota 700-800 metrotan kokatuko da, eta 600 metrotara jaitsiko da goizaldean eta gauean. Euri asko egingo du, batez ere Kantauri isurialdean. Gainera, litekeena da txingor-ekaitzak ere izatea, bereziki Kantauri isurialdean.