Gizartea -
Gertakizuna
Gizon bat atxilotu dute Durangon, sexu erasoa egiten saiatzea egotzita
Atxilotutakoak labana bat jarri zuen 21 urteko neska baten lepoan, eta sexu harremanak izatera behartzen saiatu zen, baina biktimaren lagun batek galarazi egin zuen.
Erredakzioa
Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du Durangon (Bizkaia), 21 urteko neska bati sexu abusuak egiten saiatzeagatik.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gertakizuna urriaren 15ean jazo zen, sanfaustoetan, neska lagun batekin zegoenean.
Biek beste pertsona bat ezagutu zuten, eta harekin txosnetan egon eta gero, hark haren etxera joateko gonbidatu zien, tragu bat hartzeko.
Aipatu iturrien arabera, behin etxebizitzan atxilotuak labana atera, emakumezkoaren lepoan jarri eta sexu harremanak izatera behartzen saiatu zen. Une horretan, baina, neskaren lagunak labana kendu eta aurre egin zion.
Bi lagunek etxetik ihes egin zutenean, Udaltzaingoaren patruila batekin topo egin zuten, eta gertatutakoa azaldu zioten.
Udaltzaingoak Ertzaintzara bideratu zuen salaketa, eta azkenean ertzainek atzo arratsaldean atxilotu zuten gizona, sexu erasoa egiten saiatzea egotzita.