Gizartea -

Abisu horia

EAEko sei mendate itxita daude elurragatik

Aiurdin, Arrate, Opakua, Umaran, Urkiola eta Zaldiaran mendateak itxita daude elurragatik eta izotzagatik.

Elurra Aralarko San Migelen, aurreko egunetan. Argazkia: Eneko Razkin
Elurra Aralarko San Migelen
Elurra Aralarko San Migelen, aurreko egunetan. Argazkia: Eneko Razkin

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

18:00etako datu eguneratuen arabera, Aiurdin, Arrate, Opakua, Umaran, Urkiola eta Zaldiaran mendateek itxita jarraitzen dute, elurra edo izotza dela eta. Halaber, Urduña, Barrerilla eta Gesaltza gainetan autoek baino ezin dute zirkulatu.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, denboraleak zirkulazioa oztopatzen du Euskadiko beste hainbat toki garaitan.

Horrela, Bernedo eta Herrera mendateetan kateak erabili behar dituzte mota guztietako ibilgailuek, eta Urduñan, berriz, autoek.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, azken orduetan hainbat zirkulazio-istripu izan dira, batez ere ibilgailuak galtzadatik irteteagatik, baina ez da istripu larririk izan.

Istilurik handienak GI-20 errepidean gertatu dira, Usurbil parean, kamioi batek artaziarena egin eta Bilborako noranzkoan errepidea itxi duenean, eta A-636 errepidean, Ormaiztegin, hiru ibilgailuk talka egin dutenean. Zirkulazioa berrezarri da dagoeneko.

Gainera, A-625 errepidean, Aiaran (Araba), auto bat irauli da eta bi bidaiari zauritu dira.

Segurtasun Sailak datozen egunetan kontuz ibiltzeko deia egin du, izotza eta elurra maila baxu samarretan baitaude.

Nafarroa

A-1 autobideak (Iparraldeko autobia) zirkulazio etenaldiak ditu larunbat honetan Gipuzkoan, Irunerako noranzkoan, elurrak kamioien zirkulazioa oztopatzen baitu. Beraz, A-10 errepidetik (Sakanako autobia) eta A-15 errepidetik (Leitzarango autobia) desbideratzea gomendatzen da.

Kasu honetan izan ezik, Nafarroako Gobernuak azken orduetan Nafarroako iparraldean izandako elurteek, oro har arinak, ez dutela arazorik sortu sare nagusian adierazi du.

Bigarren mailako errepideetan kateak erabili behar dira NA-137 errepidean (Burgi-Isaba-Ipar Euskal Herria) 45. puntu kilometrikoan (Hagako Mata, Belaguako portuaren hasiera), eta itxita dago 58. Puntu kilometrikotik. NA-7510 errepidea (Aralarko San Migelerako sarbidea) ere itxita dago.

Salbuespen gisa, egoera meteorologikoagatik, Erronkariko haranera sartzeko baimena ematen da Aragoiko probintzia-muga zeharkatuz, A-137 errepidearen bidez. Errepide hori Carrica Bentatik abiatzen da, Esako urtegian, eta NA-137rekin lotzen da Burgiko udalerrian. Horrela, NA-214 (Nabaskoze-Burgi) errepidea erabiltzea eta Las Coronaseko portutik igarotzea saihesten da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ekaitzak