Gizartea -

KORONABIRUSA

Ehundik gora positibo berri atzeman dituzte Nafarroan, bosgarren egunez jarraian

103 kasu izan dira zehazki eta % 8ra igo da positibitate tasa. Azken egunetako interakzio sozial eta familiar handiagoari egozten dio igoera Nafarroako Gobernuak.

Osasun langile bat, PCR frogak egiten. Argazkia: EFE
Osasun langile bat, PCR frogak egiten.
Osasun langile bat, PCR frogak egiten. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Foru Gobernuak emandako behin-betiko datuen arabera, 100eko langa gainditu dute berriz ere covid-19 kasu berriek, bosgarren egunez jarraian. Izan ere, 103 positibo atzeman ziren atzo, ostirala, Foru Erkidegoan.

Astelehenean 102 kasu zenbatu ziren, asteartean 130, asteazkenean 138 eta ostegunean 139. 

Nafarroako Gobernuak kutsatze kopuruaren goranzko joera hori herritarren interakzio sozial eta familiar handiagoari egotzi dio.

Atzo 1.287 proba egin ziren (1073 PCR eta 214 antigeno) eta horietako 103 izan zirenez positiboak, positibitate tasa % 8ra igo da.

Gainera, aurreko egunetan beste bost pertsona hil zirela jakinarazi zuten atzo: 87 eta 102 arteko lau emakume eta 89 urteko gizon bat. Datu positibo gisa, atzoko egunez ez zen inor hil covid-19arekin.

Guztira, 968 pertsona hil dira Nafarroan, eta 42.674 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.

Eremuka, Iruñean eta bere eskualdean atzeman zituzten kasu positibo berrien % 75, Tutera aldean % 9, Lizarra aldean % 1 eta gainerakoak ( % 15) Nafarroako beste eremu batzuetan banatu ziren.

Adinaren arabera, 15 eta 29 urte bitartekoak ( % 39) eta 45 eta 59 urte bitartekoak ( % 24) izan ziren kasu berrien gehiegoa. Jarraian, 30 eta 44 urte bitarteko taldea ( % 15), 15 urtetik beherakoen taldea ( % 12), 75 urtetik gorakoen taldea ( % 7) eta 60 eta 75 urte bitartekoen taldea ( % 3).

Ospitaleei dagokienez, atzo 6 ospitaleratze izan ziren (bi ZIUn). Une honetan 130 pertsona daude ospitaleratuta covid-19a dela eta, horietatik 20 ZIUn.

Datuak ez dira onak EAEn ere

Bestalde, koronabirusak Euskadin duen eraginak goranzko joera mantendu du azken 24 orduotan. Kasu berri gutxiago atzeman dituzte, baina positibitate tasa % 7,3ra igo da, Osasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez. Bezperan % 6,9koa izan zen eta aurreko egunetan % 6 inguruan egon zen.

Atzo, 4.139 froga diagnostiko egin ziren (PCR eta antigeno testak) eta horietatik 302 positiboak izan ziren. Aurreko egunean 490 kasu atzeman zituzten, baina proba gehiago ere egin zituzten: 7.111.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea