Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Ehunka pertsonak Marianen hilketa matxista gaitzetsi dute Arrasaten

65 urteko Marian abenduaren 26an desagertu zen, eta haren gorpuzkiak iragan ostegunean topatu zituzten, 43 urteko bikotekidea Lanzaroten entregatu ostean.

Elkarretaratzea Arrasaten (Gipuzkoa). Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
Elkarretaratzea Arrasaten (Gipuzkoa). Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
Elkarretaratzea Arrasaten (Gipuzkoa). Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsonak herriko emakume baten hilketa matxista gaitzetsi dute larunbat honetan, Arrasaten (Gipuzkoa). Bikotekideak hil zuen Kanaria Uharteetan.

Debagoienako kolektibo feministek deitu dute elkarretaratzea. Ehunka pertsona eguerdian bildu dira udaletxeko plazan, "Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista!" lelopean.

Marianen senideei eta lagunei "elkartasunik beroena" adierazi diete kolektibo feministek ohar batean, baita "laguntza eta prestutasun osoa" eskaini ere.

"Emakumeon aurkako indarkeria ez da berria. Ez da kasualitatea. Sistemikoa da", salatu dutenez. "Indarkeria estrukturala da. Arazo kolektiboa da, eta guztion artean eman behar diogu amaiera", aldarrikatu dute.

65 urteko Marian Ibarluzea Etxabe Arrasaten jaio zen, baina urteak zeramatzan Kanarietan bizitzen. Abenduaren 26an desagertu zen, eta haren gorpuzkiak iragan ostegunean aurkitu zituzten, 43 urteko bikotekidea Lanzaroten entregatu ondoren. Gorpua non zegoen aitortu zien gizonak guardia zibilei.

Bikotea bizi zen zonaldean bilaketa abiatu zuen Guardia Zibilak, eta hezurrak aurkitu zituen udalerriko lursail batean.

Gizona abenduaren 30ean entregatu zen, Arrecifeko (Lanzarote) polizia-etxean.

Epailearen esku utzi eta krimena aitortu zuen. Epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak Arrasate Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Feminismoa Kanariak Erailketak Debagoiena gaur