Gizartea -
SARI GASTRONOMIKOAK
Garagardo onena eta kroketarik onenak Nafarroan egiten dituzte
"Morlaco Navarreria" garagardoa eta Fridela urdaiazpiko kroketak saritu dituzte Europako lehiaketa batean eta Espainiako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartearen ranking batean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zorioneko dago Nafarroako gastronomia. "Morlaco Navarreria" garagardoak Europako garagardorik onenetako baten Urrezko Zigilua jaso du Alemania eta Luxenburgoren artean egiten den "Europe beer trophy" lehiaketan, eta Fridelaren urdaiazpiko kroketek Espainiar Estatuko urdaiazpiko kroketarik "onenen" izendapena jaso dute.
Europe Trophy ardo eta edari sektoreko lehiaketarik handiena da Europan, eta artisau garagardorik onenak saritzen hasi da orain. 45 herrialdek eta 85 epailek hartu dute parte.
Gainera, "Lux Life" aldizkari britainiarrak, urtean behin "Food and Drink Awards" sariak ospatzen dituenak, 2020ko edizioan Morlacori urteko garagardogile artisauaren saria eman dio Burton upon Trent hirian egindako lehiaketan.
Navarreria barietatea American Pale Ale bat da, anbar kolore sakonekoa, karamelu puntu txiki batekin eta ogi eta zerealen zapore biziarekin, errezetarako erabiltzen diren bi lupuluetatik datorren lore ukituarekin osatua: Cascade eta Nugget.
Mutiloan dute fabrika eta Europa mailan zein nazioartean hainbat sari jaso dituzte duela zazpi urte ireki zutenetik.
Fridelaren urdaiazpikoaren kroketen kasuan, OCUk 20 marka baloratu ditu Estatu osoko supermerkatuetan, eta Tuterako kroketek 61 puntu lortu dituzte.
1989tik "amona Carmenen" errezeta nazioartekotzen du Fridela markak, "funtsean ezer alda ez dadin behar-beharrezkoak diren aldaketak eginez".