Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Indarkeria matxistak 45 emakume eta 3 adingabe hil ditu 2020an, Espainian

Genero indarkeriak 26 umezurtz utzi ditu 2020an, 2013tik 304 dagoeneko.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indarkeria matxistak gutxienez 45 emakume eta 3 adingabe hil ditu 2020an, Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeria Ordezkaritzak jakitera eman duenez, azken bi kasuak baieztatu ondoren: Marian Ibarluzea Etxabe 66 urteko arrasatearra Kanaria Handian hil zuten abenduaren 26an, eta 28 urteko beste emakume gazte bat abenduaren 31n, Madrilen.

Gizarte honetako gaitzak 1.078 emakume hil ditu 2003tik, eta 32 adingabe 2013tik. Gainera, genero indarkeriak 26 umezurtz utzi ditu 2020an, 2013tik 304 dagoeneko.

Victoria Rosellek zuzentzen duen Ordezkaritzak argitara eman dituen behin-behineko datuen arabera, urtarrila hilabeterik tragikoena izan zen: indarkeria matxistak zazpi emakume eta adingabe bat hil zituen. Gainera, hildakoek hiru umezurtz utzi zituzten.

Otsailean sei biktima izan ziren, eta bost umezurtz utzi zituzten. Bitartean, konfinamenduan, martxoan eta apirilean, kopuruak behera egin zuen: lau hildako (3 umezurtz) martxoan eta hildako bakarra apirilean.

Alarma egoera oraindik indarrean zegoela, maiatzean, beste bi emakume hil zituzten bikotekideek edo bikotekide ohiek; beste bat ekainean, bi adingabeez gain, eta lau uztailean.

Abuztuan sei emakume hildako zenbatu zituzten, eta hiru umezurtz gehiago; lau irailean (eta lau umezurtz); bat urrian, bost azaroan eta lau abenduan.

Aurretiko salaketak

Hildako 38 emakumek ez zuten aldez aurretik salaketarik jarri. Zazpi biktimek, ordea, salaketa aurkeztu zuten. Zentzu horretan, salaketen % 50 (3) prozesuan zeuden, eta bi kasutan biktima babesteko segurtasun neurriak eskatuak zituzten dagoeneko.

Hildakoen artean, lau emakumeri babes neurriak ezarri zizkieten, baina batek soilik zituen indarrean. Kasuetako batean hiltzaileak urruntzeko agindua urratu zuen.

Gainera, indarkeria matxistak hiru adingabe hil eta 26 umezurtz utzi ditu 2020an, behin-behineko datuen arabera.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa