Gizartea -

Eguraldia

Goizalde hotz-hotza Errege egunean: termometroak ia -15 ºC-raino jaitsi dira

Txoko askotan zeroz azpitik ibili dira hotzenak. Araban neurtu dituzte minimo baxuenak: Iturrietan (Agurain) -14,8 ºC eta Erroitegin (Arraia-Maeztu) -11,8 ºC.

Zeroz azpitik ibili dira termometroak leku askotan. Foto: Mikel Basabe (Zumarraga)
Elurra Zumarragan.
Zeroz azpitik ibili dira termometroak leku askotan. Foto: Mikel Basabe (Zumarraga)

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroa abisu horian daude gaur eta bihar muturreko tenperatura baxuengatik eta izozteengatik. Errege eguneko goizaldea hotz-hotza izan da eta leku askotan zeroz azpiko tenperaturak neurtu dituzte. Abisu horia urtarrilaren datorren ostiralera arte egongo da indarrean, urtarrilaren 8ra arte.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak emandako datuen arabera, 07:00etan -14,8 ºC markatzen zituen Iturrietako estazioak (Agurain), eta hortik apur bat beherago udalerri horretako beste leku batean dagoen estazioak (-12,4 ºC). Erroitegin (Arraia-Maeztu) edo Eginon (Asparrena), biak ala biak Araban, -11,8 ºC eta -10,6 ºC zenbatu dituzte. Berastegin (Gipuzkoa) zeroz azpitik 4,6 gradu harrapatu ditu termometroak. Kostaldean ere zeroz azpitik izan dira tenperaturak: Miramongo estazioan -0,5 ºC neurtu dituzte.

Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, gaur, Errege-egunean, hotz egiten jarraituko du, baina ez da prezipitaziorik espero. Hodeitza isurialde atlantikoan pilatuko da batez ere, bereziki kostaldean, eta gainerako lekuetan ostarteak irekiko dira. Kostaldean baliteke euri pixka bat egitea. Haizea ahul ibiliko da, ekialdetik kostaldean eta norabide finkorik gabe gainerakoan. Hotz egingo du eta zeropeko balioak neurtuko dira barnealdean eta Gipuzkoako kostaldeko zenbait lekutan eta Ipar Euskal Herrian izotza egin dezake.

Ostegunean ildo beretik jarraituko du aroak. Prezipitaziorik ez, baina ia denean izotza botako du. Litekeena da kostaldeko txoko askotan zeropeko balioak izatea eta barnealdean izotz handia botatzea. Ostarteak irekiko badira ere, negu beteko eguraldiarekin jarraituko dugu. Haizea ahul ibiliko da eta goizean ipar-ekialdetik finkatuko da. Arratsaldean, berriz, hodeitza handituz joango da, bereziki ipar partan. Nafarroa hegoaldean, zerua ia erabat estalita mantenduko da egun guztian.

Ostiralean zerua hodeitsuago egongo da, batez ere isurialde atlantikoan. Hodeien babesean, tenperatura ez da hainbeste jaitsiko, baina berriro ere barnealdean izotza botako du eta Araban eta Nafarroan gogorrak izan daitezke. Baliteke hodeitza honek, isurialde atlantikoan, bereziki mendebaldean, lekuren batean zirimiri edo prezipitazio txikia uztea. Elur-kota 300-400 metro inguruan egongo da, baina prezipitazioak puntualak izango dira. Ipar-ekialdeko haizea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Ekaitzak