Gizartea -
NAFARROA
Hiru edukiontzik eta auto batek su hartu dute Tuteran
Suhiltzaileek Udaltzaingoarekin elkarlanean itzali dituzte kalean piztu diren bi suteak.
O.A. | EITB MEDIA
Azken orduetan bi sute piztu dira Tuterako kaleetan: bata, Azucarera auzoko edukiontzi batean; bestea, herrigunetik igarotzen ari zen ibilgailu batean. Suhiltzaileek bi suteak itzali dituzte, udaltzainen laguntzarekin.
Tuterako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, lehendabiziko sutea 08:35ean piztu da Azucarera auzoan. Garrak papera birziklatzeko edukiontzi batean piztu dira eta handik ondoko beste bi edukiontzitara zabaldu dira.
Suhiltzaileek sua itzali ez ezik, edukiontzien alboan autoa aparkatuta zuen pertsona ohartarazi zuten autoa bertatik ken zezan.
Erretako edukiontziez gain, ez da bestelako kalterik izan.
Bigarren sutea atzo 21:35ean piztu zen. Bat-batean, Capuchinos kaletik barrena zihoan auto batek su hartu zuen.
Autoaren aurreko aldetik kea ateratzen zela ikusita, errepidean gelditu eta bertatik atera zen gidaria.
Lehen hipotesien arabera, litekeena da sua zirkuitulabur batek eragin izana. Sua itzali eta ibilgailua erretiratu bitartean, udaltzainek errepidea itxi dute.