Publizitatea
Itxi

2021/01/08

12:22

Gizartea

IKERKETA

Berunaren emisioak eragin handia izan zuen Getxoko Punta Begoñako zonaldean

EITB MEDIA

EHUk metal astunek eragindako kutsadura atmosferikoa ebaluatu du Bizkaiko sei udalerritan, eta Grimmia goroldioak kutsadura mota horren adierazle gisa balio duela zehaztu du.

  • Euler Gallego ikertzailea laginak hartzen Punta Begoñako Galerietan

    Euler Gallego ikertzailea laginak hartzen Punta Begoñako Galerietan. Argazkia: EHU

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Punta Begoñak eragin handia izan zuen iraganean berun-isuriengatik, Euskal Herriko Unibertsitateko IBeA ikerketa-taldeak egindako ikerketa baten arabera, Kolonbiako Kostako Unibertsitateko Gessa ikerketa-taldearekin lankidetzan. Horrek ebaluatu du metal astunek Bizkaian eragindako kutsadura atmosferikoa.

Bi unibertsitateen arteko lankidetza-hitzarmen bati esker, Euler Gallego Cartagenak egindako doktorego-tesiaren barruan kokatzen da ikerketa. Grimmia generoko goroldioaren hazkunde naturala erabiltzea proposatzen du metal astunen bidezko kutsaduraren biomonitorizazio pasibo gisa, baita metaletan aberats den aireko materia partikulatua emititzen duten iturri antropogenikoak identifikatzeko ere.

Maite Maguregui EHUko IBeA taldeko ikertzailearen arabera, zenbait espezieren presentziak informazioa eman dezake eremu jakin bateko atmosfera gutxi gorabehera kutsatuta dagoen begi hutsez jakiteko. Magureguik azaldu duenez, kutsadurarekiko erresistentzia handiagoa edo txikiagoa duten espezie batzuen hazkundeak nolabaiteko informazioa emango liguke atmosferaren kalitateari buruz, material partikulatuko metalen kasuan, bederen.

EHUko iturrien arabera, biomonitorizazioa toki jakin batean zenbait kutsatzailek eragiten duten inpaktua zaintzeko eta ebaluatzeko organismo biziak erabiltzen dituen metodologia da. Organismo horiek kutsadura zaintzeko gaitasuna dute, eta biomonitore pasibo ere esaten zaie, kutsadura-iturri posibleak identifikatzeko gai baitira bestelako tresnen beharrik gabe.

Bizkaiko sei udalerritako (Muskiz, Getxo, Lutxana, Zamudio, Basauri eta Amorebieta-Etxano) laginekin egindako azterlanean metodologia multianalitiko bat aplikatu zuten egiaztatzeko naturalki hazten diren Grimmia generoko goroldioak erabilgarriak direla metal astun bidezko kutsadura atmosferikoaren biomonitore pasibo gisa.

Ikerketaren emaitzak

Maureguik azaldu duenez, ez da gertakizun puntual batekin lotutako kutsadura, baizik eta metatze-prozesu bat erakutsiko liguke. Goroldioa ez da berria, litekeena da duela zenbait urte garatu izana, eta metalak pilatuz joan da. Horrek erakutsiko liguke gertakari bat baino gehiago izan direla urteetan.

Emaitzen arabera, goroldioetan harrapatutako eta metatutako material partikulatuan detektatu den metal astunek lotura zuzena dute jarduera antropogenikoekin. Nolanahi ere, Maureguik azpimarratu du inolaz ere ez dituztela aurkitu osasunerako kezkagarriak diren kontzentrazioak.

Horrela, Punta Begoñan (Getxo) dagoen berun-kontzentrazio handia nabarmendu du ikerketak, gainerako laginketa-puntuetan baino 10 aldiz handiagoa. Kasu horretan, beste euskarri gehigarri batzuetan lortutako beste ebidentzia esperimental batzuk kontuan hartuta, berretsi ahal izan dute ingurune hark berun-emisio bidezko kutsadura handia izan zuela iraganean.

 Amaitzeko, metal astun gehienek (titanio, kobre, zink, burdina eta manganesoak) askoz kontzentrazio altuagoak izan zituztenez Lutxanan gainerako laginketa-puntuetan baino, ebatzi ahal izan zuten Lutxana dela goroldioetan harrapatutako material partikulatu atmosferikoan metal-kontzentrazio handienak dituen laginketa-puntua. Aldiz, kutsadurarik txikiena Zamudioko laginak izan zuen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena