Gizartea -
Osasuna
Gose-greba atzeratzea erabaki du Oiongo alkateak
Alkateak Errioxako Osasun Kontseilaritzak eragindako "egoera sostengaezina" kritikatu du. "Gobernu biak akordio batera heltzera behartuta daude" gaineratu du.
Erredakzioa
Ruben Garrido (PP) Oiongo (Araba) alkateak gose-greba ostegunera arte atzeratzea erabaki du, "beharrezkoa izango balitz". Hasiera batean, asteazkenean protestarekin hasi behar zuen Udaleko buruzagiak.
Garridok gose-greba bat hastearekin mehatxatu du. Honen arrazoia Errioxako Gobernuak honen mugetatik gertu bizi diren arabarrei Logroñoko San Pedro ospitalean arretarik ez ematean datza. Alkatearen kalkuluen arabera 10.000 erabiltzaileri kalte egingo dien erabaki hau ez bada konpontzen, PPko ordezkari honek gose-greba bati ekingo dio Vara de Rey kalean dagoen Logroñoko Gobernuaren egoitzaren aurrean.
Garridok Errioxako Osasun Kontseilaritzak eragindako "egoera onartezina" kritikatu du. "Gobernu biak akordio batera heltzera behartuta daude" gaineratu du. "Ez dakit zein kondizioetan egin beharko duten, baina argi dagoen bakarra da Oiongo biztanleak bahiturik jarraitzen dutela arazoa negoziatzen den bitartean".
Garridok, ez duela "azken ondoriorarte heltzeko beldurrik", Mariano Rajoy presidentetzarako hautagaiarekin gai honetaz hitz egin zuen. "Rajoyk Osasun arloan orain arte egon den lurraldeen arteko solidaritatea ez apurtzeko uste osoa azaldu zidan, nahiz eta lurralde ezberdinetakoak izan."
Eusko Jaurlaritza
Beste aldetik, Jesús María Fernandéz Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilariordea bihar batzartuko da Alfonso Jimenéz Gobernu zentraleko Osasun idazkari nagusiarekin. Batzar horretan Errioxako Gobernuak hartutako erabakiak eragindako arazoa konpontzen saiatuko dira.
Errioxako Gobernuak osasun administrazioen arteko lankidetza printzipioa "urratu" duela salatu du Osasun Ministerioak. Gainera, Errioxa eta Euskadi akordio bat negoziatzen ari diren bitartean, zerbitzua berrezartzea "ezinbestekoa" da, erantsi du.
Arabako Errioxako bizilagunek elkarretaratzea egingo dute asteazkenean Oionen 'Arabako Errioxa, Osasuna, Konponbidea Orain!' lelopean, arazoari irtenbide bat ematea eskatzeko.