Gizartea -
Gertakizuna Bilbon
Azkuna: 'Gaizkileen atzetik ibiliko gara'
Santutxun zauritutako hiru emakumeak larri daude. Zamakola eta Karmelo ikastoletako ikasleek, ordezkari politikoek eta Bilboko bizilagunek elkarretaratzea egin dute, gertatutakoa gaitzesteko.
Erredakzioa
Hainbat pertsonak elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilboko Udaletxearen aurrean, gertatutakoa gaitzesteko. Zamakolaeta Karmelo ikastoletako ikasleak, haien gurasoak, ordezkari politikoeta instituzionalak eta herritar anonimoak izan dira.
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak doluminak eman dizkio biktimaren familiari eta "gaizkileen atzetik ibiliko" direla adierazi du.
Elkarretaratzearen ostean, Bilboko alkateak esan du atzo gertatutakoa balitekeela Barakaldon (errolda-ziurtagiria zuen bertan), Lemoan edo beste edozein tokitan gertatzea", baina Ertzaintzaren eta udaltzaingoaren arteko "tresna guztiak abian jartzeko" eskatu du, "horrelako egoerak ahalik eta gehien saihesteko".
Azkunak lanean jarraitzeko eskatu die ertzainei eta udaltzainei; izan ere, "gizon bat ezin da joan 17 zentimetroko laban batekin kaletik".
Besteak beste, Iñaki Azkuna alkateak, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak eta Batzar Nagusietako ordezkariek hartu dute parte.
Zaurituen egoera
Astelehen honetan Santutxun (Bilbo) 65 urteko maisu erretiratu bat hil duen gizonezkoak zauritutako lau emakumeetako hiruk larri jarraitzen dute, eta bestea ez dago hain larri, Osakidetzak gaur goizean azaldu duenez.
Erasotzaileak bi gizon ere zauritu zituen, baina atzo bertan eman zieten senda-agiria.
Basurtuko Ospitalean bi emakume daude. 20 urteko E.V.U.-ri ebakuntza egin diote bart, eta orain Erdi Mailako Zaintza Unitatean daukate. Egonkor dago, larritasunaren barnean.
Medikuak haren garapenaren zain daude, giltzurrunean ebakuntza egin behar dioten erabakitzeko.
Ospitale berean 21 urteko M.M.V. ere dago. Onera egiten ari da, eta haren egoera ez da hain larri.
Gurutzetako Ospitalean 30 urteko A.M.Z. eta 47 urteko A.M.P. daude. Lehengoa larri dago, eta bigarrena hobera egiten ari da larritasunaren barnean.
Ezustekorik ezean, Osasun Sailak 18:00etan emango du berriz zauritutakoen berri.
Erasotzailea, auzotarren begietara
Erasotzailearen auzotarrak "harrituta" agertu dira ezbeharraren protagonista bera zela jakindakoan; pertsona "txukuna eta edukazio onekoa" zela adierazi dute.
Auzotar batek egunkarian ikusi du erasotzailearen aurpegia, eta bere atariko zazpigarren solairuan bizi den gizona dela konturatu da. Beste auzokide baten hitzetan, "pertsona oso atsegina zen, sinpatikoa, manera onekoa; agurtu egiten gintuen eta normaltzat jotzen genuen".
Halaber, auzotar horren arabera, "gutxi gorabehera" bi urte zeramatzan etxebizitzan, alokairuan.
Erasotzailea, polizia-etxean
Bien bitartean, erasoen ustezko egilea Ertzaintzaren komisariara eraman dute, Basurtuko Ospitaleko psikiatria unitateko larrialdi zerbitzuan artatu eta gero.
Herrizaingo Sailaren iturriek baieztatu duenez, erasoak 17 zentimetroko labana batekin egin zituen.
Gertatutakoa
Erasoak atzoko 09:40an inguru hasi ziren, Santutxuko Zabalbide metro geltokiaren parean. Ordu horretan, gizonezko bat hainbat pertsonari erasotzen hasi zen, labana batekin.
Herritarrak erasotzailea geldiarazten saiatu zirenean, taberna batean sartu zen, eta han ere pertsona batzuk sastatu eta 65 urteko gizonezko bat hil zuen.
Biktima, Kepa Mallea, Karmelo ikastolako irakasle erretiratua zen eta oso ezaguna zen Santutxun.
Lekukoen esanetan, erasotzaileak begirada galdua zuen eta oihuka zegoen, "drogatuta bezala".
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuaren esanetan, gizonezkoak bikote bat iraindu eta gero hasi zituen erasook.