Gizartea -
Euri denboralea
Uholdeek 80 eta 100 milioi arteko galerak utzi dituzte Gipuzkoan
Gipuzkoako Aldundiak kaltetuentzako laguntza funts berezi bat exijituko dio Estatuari. Datorren astean hasiko da Aseguruen Patzuergoa kalteak ordaintzen.
Erredakzioa
Joan den azaroaren 6ean Gipuzkoa kaltetu zuten uholdeek 80 eta 100 milioi euro arteko kalteak eragin dituzte, Aseguruen Partzuergoak adierazi duenaren arabera. Hori dela eta, Garbiñe Errekondo diputatuak iragarri duenez, Gipuzkoako foru Aldundiko ordezkariak Madrilera joango dira asteazken honetan, uholdeen ondorioz izandako kaltetuentzako diru-laguntzak bideratzeko funts berezi bat Estatuari exijitzeko.
Errokondoren esanetan, 307/2007 martxoaren 18ko Errege-Dekretuan aurreikusitako laguntzak osatzeko eskatuko diote Estatuko arduradunei, kalteak lege horrek jasotakoa baino handiagoak izan direlako. Halaber, diru-laguntza hauek ez dituzte landa bideetan edo lurzoruetan izandako kalteak hartuko.
Diputatuak azaldu duenez, baliteke Eusko Jaurlaritzako laguntzak "nahikoa" ez izatea, batez ere etxebizitzen birgaikuntzari dagokionez (horretan, muga 180.000 eurokoa delako) eta hori dela eta, laguntzak osatzea eskatuko diote Estatuari. "Behin Gasteizko Exekutiboaren eta Estatuko laguntzak noraino iristen diren jakinda, Aldundiak erabakiko du berak ere laguntzak eskaintzen dituen ala ere", gaineratu du Errekondok.
4.000 kaltetu Gipuzkoan
Halaber, Aseguruen Patzuergoak aurreratu duenez, Gipuzkoan ezbehar kopurua 4.000ra iritsiko da eta, Bizkaian, beste 500 bilduko dira. Orain arte, 2.449 eskakizun jaso dituzte, Gipuzkoan. Horietatik, % 50 (1.200 inguru) etxebizitzetakoak dira. Gainontzekoak, saltokiek (500), industriek (300) eta autoen jabeek (500) egindakoak dira. Bizkaian, 395 espediente egin dituzte.
Hala eta guztiz ere, partzuergoak espedienteak jasotzen dituen heinean, zifra horiek aldatzen joan daitezke. Guztira, 25 aditu ari dira txosten horiek aztertzen.
Ezbeharra jasan duen negozio eta enpresa kopuru altuak, partzuergoa kalteak ordaintzeko aurrerapenak ematen hastea eragin du, komunikatu batean eragin duenez.
Bizilagunekin bilera
Donostiako Udalak azaldu du Martuteneko eta Txomin Eneako bulegoak irekita mantenduko dituela uholdeek kaltetu dituzten bizilagunekin bildu ahal izateko.
Aste honetan zehar, Udaleko ordezkariak bizilagunekin bilduko dira "zalantzak argitzeko eta orain arte indarrean izan den plana hobetzeko iradokizunak jasotzeko".