Gizartea -
GIPUZKOA
5 urte eta erdiko zigorra, Villabonan autobus batean gizon bati labanaz erasotzearren
Fiskaltzak hasierako bere zigor eskaera murriztu du, auzipetuak bere burua errudun aitortu duelako hilketa saiakera delituagatik.
O.A. | EITB MEDIA
Epaileak bost urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio 2019ko urrian Donostia eta Tolosa lotzen dituen lineako autobus batean, Villabonan, gizon bati labanaz eraso zion gizonari. Espetxe zigorraz gain, ezingo du 16 urteko tartean biktimarengana hurbildu ezta berarekin harremanetan jarri ere.
Hasiera batean Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat. Azkenean, ordea, Fiskaltzak hasierako bere zigor eskaera murriztu du, auzipetuak bere burua errudun aitortu duelako hilketa saiakera delituagatik.
Ministerio Publikoaren idatziaren arabera, epaitutako gertaerak 2019ko urriaren 27ko 02:40an gertatu ziren. Auzipetuak "behin eta berriro eta ustekabean" hainbat labankada eman zizkion biktimari, autobusa Villabonako kaleak zeharkatzen ari zela, Donostiatik Tolosarako noranzkoan.
Fiskaltzaren dokumentaren hitzetan, biktimari "heriotza eragiteko asmoz", hamar zentimetroko labana batekin labankadak eman zizkion. Labankada horietako batean lepoan harrapatu zuen eta, beste batean, ezkerreko besapean.
Erasoaren ondotik, biktima Donostia Ospitalera eraman zuten. Ministerio Publikoaren arabera, autobuseko gainerako bidaiariek erasoa etetea lortu zuten, eta ospitaleratu bitartean egonkor mantendu zuten.
Bien bitartean, erasotzaileak ihes egin zuen biktimaren osasun egoerarekiko inolako ardurarik erakutsi gabe. Horrez gain, labana inguruko zelai batean bota zuen.
Ondoren, taxi bat hartu eta etxera joan zen. Odol arrastoak zituen arropa erantzi zuen. Gerora, Poliziak berreskuratutako labanean ere odol arrastoak agertu ziren.
Erasotzaileak hainbat zauri eragin zizkion masailezurrean, lepauztai inguruan, eskuan. Horrez gain, torax inguruan eragindako presio handia tarteko, saihets bat apurtu zion.
Biktimak 30 egun behar izan zituen zauriak sendatzeko, hiru egun "oso larri" eta bi "larri" eman ostean.