Gizartea -

Gipuzkoa

Azpeitian eraildako umearen ama gehienez 24 urtez egongo da psikiatria unitatean

Araudiari jarraikiz, zigorra iritsi orduko, segurtasun neurria bete beharko du lehenik Aita Menni ospitaleko psikiatria unitatean. 2019ko abuztuaz geroztik, bertan dago ospitaleratuta.

Erailketa gertatu zen baserria. EFEren artxiboko argazkia
Erailketa gertatu zen baserria
Erailketa gertatu zen baserria. EFEren artxiboko argazkia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko uztailean Azpeitiko baserri batean 4 urteko semea ito zuen emakumeari sei urteko espetxe-zigorra ezarri diote, eta gehienez 24 urtez egongo da ospitaleratuta, eskizofrenia nahasmendua duelako.

Araudiari jarraikiz, zigorra iritsi orduko, segurtasun neurria bete beharko du lehenik Aita Menni ospitaleko psikiatria unitatean. 2019ko abuztuaz geroztik, bertan dago ospitaleratuta.

Gipuzkoako Auzitegian astelehen honetan egindako bistan, auzipetuak onartu egin du semea hil izana, eta ados agertu da Fiskaltzak eskatutako zigorrarekin. Hilketa delitua egotzi diote, eta famili arteko erailketa izateak larriagotu egin du delitu hori.

Esan bezala, 2019ko uztailaren 23an gertatu zen hilketa. Garai hartan, semarekin eta senarrarekin bizi zen auzipetua baserri horretan, eta "ondoezik" zegoela argudiatuta, lanera ez joatea erabaki zuen egun hartan. Ama eta semea amonaren etxean egon ziren goiz osoan, aitak ez zituelako bakarrik utzi nahi.

Fiskaltzaren salaketak dionez, bazkalostean, haurrak etxera itzuli nahi izan zuen "jolasteko asmoz-edo". Hori horrela, aitak baserrira eraman zituen emaztea eta semea, eta handik gutxira amona bertaratu zen, suhiaren eskariari men.

Han, amonak oso urduri aurkitu zuen auzipetua. Azken honek norbait zelatatzen ote zeukan galdetu zion. Orduan, amonak ondorioztatu zuen alabak bakarrik egon nahi zuela.

Arratsalde horretan, 14:00ak eta 17:50 bitartean, auzipetuak ansiolitikoak eman zizkion umeari. Ondoren, ahoan galtzerdi bat sartu zion, eztarrira arte, eta bainuontzian ito zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Azpeitia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak