Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotuta Zarautzen, emaztea jo eta urte luzez tratu txarrak emateagatik

Aurrekariak dituen 48 urteko gizasemea da atxilo hartutakoa. Droga trafikoa ere egotzi diote.

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Zarautzen (Gipuzkoa) bikotekidea kolpatzeagatik. Are, biktimak berak salatu zuenez, urte luzetan tratu txarrak eman zizkion gizonak. Gainera, droga trafikoa ere egotzi zioten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean zehaztu duenez, erasoa igandeko 21:30ean jazo zen Gipuzkoako udalerriko etxebizitza batean.

Etxebizitzara Udaltzaingoaren abisua jaso ostean bertaratu zen Ertzaintza. Hainbat aldiz etxeko atea jo ondoren, ustezko erasotzaileak zabaldu zien eta agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, aurpegian kolpeak zituen emakume bat zegoen bertan. Biktimak kontatu zienez, senarrak jo egin zuen eta urte luzez halako tratu txarrak jasan zituela erantsi zuen.

Testigantza aintzat hartuta, gizonezkoa atxilotu zuten agenteek, eta biktima osasun etxera eraman zuten, arta zezaten.

Horrez gain, etxebizitza miatuta, hozkailu batean droga ugari topatu zituen Ertzaintzak. Zehazki, 410 gramo haxix, eta 373 gramo marihuana. Hori horrela, genero indarkeriagatik ez ezik, droga trafikoagatik ere auzipetu zuten gizona.

Atxilo hartutakoak aurrekariak ditu. Astelehen eguerdian eraman zuten epailearen aurrera.

_____________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Gipuzkoa Zarautz Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa