Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek bi emakume larri zauritu ditu Malagan, azidoa botata

Emakumeetako batek erredurak ditu gorputzaren % 45ean eta oso larri dago; besteak, erredurak ditu gorputzaren % 25ean eta larri dago. Erasotzaileak, berriz, ihes egin du.

Erasoa gertatu den tokia Cartama udalerrian (Malaga)
Erasoa gertatu den tokia Cartama udalerrian (Malaga)
Erasoa gertatu den tokia Cartama udalerrian (Malaga)

O.A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek bi emakume larri zauritu ditu Malagako Cartama udalerrian, azidoa botata. Erasotzaileak ihes egin du eta haren bila ari dira. Antza denez, emakumeetako baten bikotekidea da, 26 urtekoa.

Zaurituetako bat, 26 urtekoa, oso larri dago Sevillako Virgen del Rocio ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean (ZIU). Erredurak ditu gorputzaren % 45ean. Bestea, berriz, larri dago, Malagako Eskualdeko Ospitalean, gorputzaren % 25a erreta duela. Besteak beste, aurpegian dituzte biek erredurak.

Jorge Gallardo Cartamako alkateak kazetarien aurrean azaldu duenez, biktimetako batek ustezko erasotzailearen izena esan die bertaratutako poliziei.

Alkatearen esanetan, erasoa gertatu den kaleko espaloian azido poto bat topatu dute. Antza denez, ustezko erasotzaileak lehenik errieta egin die bi emakumeei eta, gero, azidoa bota du bi emakumeak zeuden autoaren barrura. Oihuka atera dira, arropak erretzen ari zitzaizkielako. Erasotzaileak, ostera, ihes egin du.

Guardia Zibila ustezko erasotzailearen bila ari da. Ikerketaren gertuko iturrien arabera, emakumeen aurkako indarkeriagatik aurrekariak ditu eta beste emakume batengandik urruntzeko agindua du indarrean.

Bestalde, Cartamako Udalak minutu bateko isilunea deitu du gaur eguerdirako udaletxe aurrean erasoa gaitzesteko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Tratu txarrak emakumeak Tratu txarrak Espainian Espainia argazkiak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Matxismoa