Gizartea -
Bilboko hilketa
Herri epaimahai batek epaituko du Santutxuko krimenaren egilea
Ustezko egilea preso arrunt gisa kartzelatu dute, buruko gaitz larria badirudi ere.
Erredakzioa
Santutxuko krimenaren ustezko egileak lehen gaua pasatu du Basauriko espetxean.
Asteazken honetan, Bilboko epaile batek espetxeratzea agindu zuen, baina preso arrunt gisa, buru gaitz larri bat duela dirudien arren.
Izan ere, atxilotu zutenean Basurtuko Psikiatria unitatera eraman zuten aurrenekoz, eta Eusko Jaurlaritzak esan du "erabat erotuta" dagoela.
Haren anaiak azaldu du iraganean lau aldiz izan zela Gurutzetako Ospitalean, eta tratamendua ezarri bazioten ere, uko egiten ziola sendagaiak hartzeari. Horregatik, probak egiteko eta zentro psikiatriko batean sartzeko eskatu dio epaileari.
Herri epaimahaia
Baliteke krimenaren ustezko egileari (31 urtekoa) zazpi homizidio delitu egoztea, horietako sei, homizidio saiakera mailarekin.
Noticias taldeko egunkariek jakinarazi dutenez, herri epaimahai batek epaituko du, baina epaiketa ez da urtebete baino lehenago egingo.
Bien bitartean, auziaren instrukzioa egingo dute.
Zaurituen egoera
Bestalde, erasoetan zarituetako sei pertsonetako lauk ospitalean jarraitzen dute
Basurtuko Ospitalean bi emakume daude. 20 urteko E.V.U.-ri ebakuntza egin diote, eta orain Erdi Mailako Zaintza Unitatean daukate. Egonkor dago, larritasunaren barnean.
Ospitale berean 21 urteko M.M.V. dago. Onera egiten ari da, eta haren egoera ez da hain larria.
Gurutzetako Ospitalean 30 urteko A.M.Z. eta 47 urteko A.M.P. daude. Lehenengoa larri dago, eta bigarrena hobera egiten ari da larritasunaren barnean.