Gizartea -
KORONABIRUSA
Udaltzaingoak kale-edanean ari ziren bi talde eta jai bat desegin ditu, Tuteran
Guztira, 11 pertsona zigortu dituzte kalean edateagatik. Gainera, festa jendetsu bat egiten ari ziren landa eremu bateko jabeak identifikatu dituzte.
O. A. | EITB MEDIA
Atzo, Tuterako Udaltzaingoak hainbat salaketa jarri zituen koronabirusagatik ezarritako osasun neurriak ez betetzeagatik. Zehazki, kale-edanean ari ziren bi talde eta landa eremu batean egiten ari ziren festa jendetsu bat desegin zituen.
Kale-zurrutean ari zen talde bat desegin zuten atzo parke batean, 15:20 aldera. Auzokide batek deitu zien udaltzainei hainbat pertsona kalean edaten ari zirela ohartaraziz.
Edaria konfiskatu ez ezik, bost pertsonari isuna ezarri zieten.
Horrez gain, Las Claras inguruan kalean edaten ari zen talde bat desegin zuten. Gainera, musukorik gabe zeuden. Kasu horretan, sei pertsonari ezarri zieten isuna.
Iluntzean, udaltzainek landa eremu bateko etxebizitza bat jendez hustu zuten, Cabanillaserako errepidearen ondoan, festa bat ospatzen ari zirelako.
Udaltzainek jabeak identifikatu zituzten, eta zigorra ezarri zieten antolatzaile gisa "arau-hauste oso larria" egotzita.