Gizartea -

KORONABIRUSA

Tasa metatua 400 kasutik gorakoa da, baina R0 jaitsi egin da zazpigarren egunez

Euskadik 648 kasu berri erregistratu ditu igandean, eta 98 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan. Positibotasun tasa % 8,2ra igo da, 7.927 proba eginda.

Argazkia: EFE.
Osasun langileak
Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, 648 positibo berri atzeman dituzte Euskadin azken orduetan, larunbatean baino 28 kasu gehiago, baina ostiraleko 835 kasuetatik urrun. Hala ere, positibotasun tasa % 6,8tik % 8,2ra igo da.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak gora egiten jarraitzen du, 412,05 kasukoa baita. Igoera hiru lurraldeetan erregistratu da: Bizkaian (432,88), Gipuzkoan (376,98) eta Araban (378,55).

Osasun Sailak jakinarazi duenez, 7.927 proba egin dituzte igande honetan, aurreko egunean baino 2.000 gutxiago, eta horietatik 648k eman dute positibo; ondorioz, kutsatze-tasa % 8,2koa izan da.R0 kopurua jaitsi egin da zazpigarren egunez jarraian, eta 1,15ean kokatu da, baina ospitaleen egoerak okerrera egiten jarraitzen du: 98 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan eta 409 pertsona daude gela arruntetan ospitaleratu. Gainera, azken orduetan 40 pertsona ospitaleratu dituzte EAEn.

Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu dituzte, 358 izan baitira (larunbatean baino 33 gutxiago); Gipuzkoan 187 positibo berri atzeman dituzte (bezperan baino hamar gehiago) eta Araban 90 (larunbatean baino bederatzi gutxiago). Gainera, 13 kasu erregistratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean (aurreko egunean baino lau gehiago).

Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.

Guztira, 15 udalerri daude arriskurik handiena zehazten duen zonaldean. Balmaseda, Deba, Orio eta Tolosa eremu gorrian sartu dira astelehen honetan, covid-19ak Euskadin herriz herri izandako eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan adierazi duenez, orain dauden datuekin, baliteke asteazken honetan bertan Bizkaiko hiriburua gune gorrian sartzea, hau da, koronabirusaren transmisio handiko gune bihurtzea.

Heriotza bat Gipuzkoako erresidentzia batean

Horrez gain, azken orduetan, Gipuzkoako egoitzetan adineko bat hil dela eta beste positibo bat detektatu dutela jakinarazi du Foru Aldundiak. Halaber, beste bi pertsona sendatu egin direla azpimarratu dute.

Heriotza Errenteriako Sanmarkosene egoitzan izan da eta kasu berria Gurutze Gorriak Irunen duen zentroan antzeman dute.

Udatik hona, 146 adineko hil dira Gipuzkoako erresidentziatan eta 595 sendatu dira. Une honetan, 51 egoiliar daude koronabirusarekin kutsatuta.

55 ikasgela itxita

55 ikasgela itxi dituzte astelehen honetan Euskadin, aurreko asteazkenean baino 42 gehiago, hau da, eskolen % 0,31 (HHko eta DBHko ikastetxeetan).

Hezkuntza Sailaren datuen arabera, astelehen honetako (urtarrilak 18) 12:00ak arte ez dago koronabirusaren ondorioz aurrez aurreko jarduera bertan behera utzi duen zentrorik. Hala ere, 55 ikasgela itxi dituzte, aurreko asteazkenean baino 42 gehiago. Guztira 42 zentro daude kaltetuta.

Nafarroako egoera

199 koronabirus kasu zenbatu dituzte azken orduetan Nafarroan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Datuok egunean zehar baieztatuko dituzte.

Bestalde, Espainian 84.287 positibo gehiago detektatu dituzte joan den ostiraletik eta kutsatze-tasa 689,27 kasura igo da 100.000 biztanleko. Gainera, azken hiru egunetan 455 pertsona hil dira koronabirusarekin.

Pandemia hasi zenetik, 2.336.451 pertsona kutsatu eta 53.769 zendu dira Estatuan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak