Gizartea -
Maula
Bi lagun zigortu dituzte Internetez egindako iruzurrengatik, Donostian
"Lan eskaintza" bat onartu zuten eta haien lana kontu korronteetan dirua jaso eta esku-dirutan beste herrialde batzuetara bidaltzea zen.
Erredakzioa
Urtebeteko kartzela-zigorra ezarri diete bi gizoni Donostian haien kontu korronteetan Interneteko iruzurren bidez bildutako dirua jaso eta esku-dirutan beste herrialde batzuetara bidaltzeagatik.
Ebazpenean agertzen denez, 2009an izan zen delitua, zigortuek "lan eskaintza" bat onartu zuten eta haien lana kontu korronteetan dirua jaso eta esku-dirutan beste herrialde batzuetara bidaltzea zen.
Hori dela eta, auzipetuek datu pertsonal guztiak eman zizkieten Interneteko iruzurgileei, kontu korrontearen zenbakia besteak beste.
Batek 9.611 euro jaso zituen kontu korrontean eta besteak 2.903 euro 2009ko azaroaren 30etik abenduaren 3a artean.
Transferentzia horien jatorria emakume baten kontu korrontea zen, "legez kanpo" haren pasahitzak lortu zituzten Interneteko gaizkileek.
Dirua auzipetuen kontuetan sartu ondoren, nazioarteko posta zerbitzuen bidez esku-dirutan bidaltzen zen atzerrira. Epailearen arabera, auzipetuek bazekiten "legez kanpoko sare baten parte" zirela.
Auzipetuak ados zeuden Fiskaltzak haien kontra eskatu zuen zigorrarekin, beraz, urtebeteko kartzela-zigorraz gain, iruzurraren biktimari kalte-ordainak ematera zigortu zituzten.