Gizartea -
Epaia
Bi urteko zigorra ezarri diete Enrichi eta Lunari bideo sexuala zabaltzeagatik
Bi futbolariek ez dute kartzelan sartu beharko, gertakaria onartu eta biktimari kalte-ordaina eman ziotela kontuan hartu baitute. Eddy Silvestre, berriz, absolbitu dute.
N.B. | EITB MEDIA
Sergi Enrich (Eibar) eta Antonio Luna (Girona) futbolariei bi urteko kartzela zigorra ezarri diete, neska batekin sexu harremanak izaten ari zirela grabatutako bideoa zabaltzeagatik, eta Eddy Silvestre, berriz, absolbitu egin dute.
Epaia eman duen auzitegiak zigorra bertan behera uzteko agindua eman du, eta, beraz, bi futbolariek ez dute kartzelan sartu beharko, gertakariak onartu eta biktimari kalte-ordaina eman ziotela kontuan hartu baitute.
Eddy Silvestre futbolaria (bideoa zabaldu izana egotzita ere epaitu zuten) absolbitu dute.
Enrichek eta Lunak akusazioen hasierako eskaera baino hiru urte gutxiagoko zigorrari aurre egiten zioten, damua erakutsi eta grabatu zuten gazteari kalte-ordaina eman ziotelako.
Grabaketa 2016ko apirilean egin zen, eta bideoa urte horretako urrian biral bihurtu zen. Epaiketaren lehen saioan egiaztatuta eta frogatuta geratu zen bai grabazioa bai ondorengo zabalkundea biktimak jakin gabe eta haren baimenik gabe egin zirela.
Neskak "lasaitasuna eta poza" adierazi zituen, "grabazio hori ez zuela onartu frogatuta geratu zelako", Iñigo Iruin abokatuak azaldu zuenez.
Ildo horretan, akusatuek gertatutakoa aitortu zuten, eta halaber aitortu zuten ez zutela biktimaren baimenik bideoa grabatzeko eta zabaltzeo.
Hiru jokalariak Eibarren izan ziren 2016ko apirilean, gertakariak gertatu zirenean, eta 2020ko urrian epaitu zituzten Donostian, Enrichek eta Lunak biktimari barkamena eskatu zioten ikustaldi batean, eta azpimarratu zuten inoiz ez zutela grabazioa publiko egiteko asmorik izan, eta Silvestreri baino ez ziotela Whatsapp bidez bideoa bidali.
Bestalde, Silvestrek ukatu egin zuen irudiak Cadizeko jokalariei pasatu zizkiela.
Enrichek eta Lunak 110.000 euroko kalte-ordaina eman zioten gazteari, akusazioek eskatutakoa baino handiagoa, Ministerio Publikoak aringarritzat jo duen kaltea konpontzeko modu bat, eta akusazio partikularrak aitorpen berantiarrarena gehitu dio; ondorioz, bi aldeek bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuten, eta defentsak ados agertu ziren.
Eibarrek bere barne araudia aplikatuko dio Sergio Enrich jokalariari
Justiziak Sergi Enrich Eibar taldeko jokalariari bi urteko kartzela zigorra ezarri ostean, talde armaginak barne araudia aplikatuko dio.
Epaia ezagutu berritan zabaldutako ohar batean, zigortutako gertaerak gaitzetsi ditu. Gaineratu duenez, barne araudian ezarritakoaren arabera konponduko du gaia.