Gizartea -

KORONABIRUSA

Nafarroak 200 positibo berri zenbatu ditu

Iruñeko II. Zabalgunean 13 kasu atzeman dituzte. Auzo horretan dago, hain justu, agerraldi bategatik bakartutako ikasleen egoitza.

Laborategiko langile bat PCR bat egiten. Argazkia: EFE.
Laborategiko langile bat PCR bat egiten.
Laborategiko langile bat PCR bat egiten. Argazkia: EFE.

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroa eguneko 200 kasuko langatik jaitsi ezinda dago oraindik. Astearte honetan bi ehuneko zifra erdietsi du, doi-doi, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Bezperako datuekin alderatuta, 39 positibo gutxiago zenbatu badituzte ere, kasuek gora egin dute duela astebeteko datuekin alderatuta (+17) eta baita duela bi astekoekin erkatuta ere (+45).

3.226 proba diagnostiko (PCR eta antigeno) egin dituzte astearte honetan, eta horietatik 200 positibo izan dira. Hortaz, positibotasun tasa % 6,2an kokatu da.

Positibo gehien pilatzen dituzten gune eta udalerriei dagokienez, Iruñeko II. Zabalgunea da denen buru, 13 kasurekin. Auzo horretan dago, hain zuzen ere, agerraldi bategatik bakartutako ikasleen egoitza. Guztira, 30 kasu atzeman dituzte. Zerrendan bigarren tokian daude Iruñeko Arrotxapea eta Tutera Ekialdea, biek ala biek 11 kutsatze zenbatu dituztelako. Arrosadia auzoan eta Sartagudan bederatzina positibo topatu dituzte, eta Azpilaganan, zortzi.

Kasuen gorakada ikusita, Maria Chivite buru duen gobernuak neurri murriztaileak gogortzea erabaki zuen atzo. Hala, larunbatetik aurrera, taberna eta jatetxeetako terrazak bakarrik egongo dira zabalik, eta bilerak bizikidetza unitatera mugatuko dira. Horrez gain, gaur iragarri du Osasunbideak Nafarroako Ospitale Guneko bisitak mugatuko dituela (aurrerantzean egunean zehar paziente bakoitzak laguntzaile bakarra izango du).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Osasunbidea