Gizartea -

Eusko Jaurlaritza

Familia Bitartekaritza Zerbitzua hazi egin zen iaz, konfinamenduan ere aritu baitzen

Zerbitzua ematen jarraitu zuten martxotik aurrera, egoerara "moldatuta". 2020an irekitako espedienteen % 90ek bikote harremana hautsi izanak eragindako gatazkekin izan zuten zerikusia.

Artolazabal, Gasteizko bitartekaritza zentroko langile batekin hitz egiten. Argazkia: Irekia
Beatriz Artolazabal eta Lide Amilibia
Artolazabal, Gasteizko bitartekaritza zentroko langile batekin hitz egiten. Argazkia: Irekia

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ak eragindako konfinamendu garaian ere jardunean jarraitu zuen Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzarako Zerbitzuak (FBZ), eta hala, artatutako pertsona kopuruan eta egindako esku hartze kopuruan gora egin zuen, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez.

Bitartekaritzaren Europako Eguna da gaur, eta horrekin lotuta, Jaurlaritzak Gasteizen duen bitartekaritza zentroan izan da Artolazabal, Cristina Merino Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren arduradunarekin batera. Gasteizen ez ezik, Bilbon, Donostian eta Tolosan (azken hori azaroan zabaldu zuten) daude zentroak.

Sailburuak azaldu duenez, "zerbitzuak pandemiak eragindako egoeretara egokitzen jakin du, eta, gainera, gora eginez egokitu da". Izan ere, itxialdi garaian ere arreta ematen jarraitu zuten, telefono eta posta elektroniko bidez. Horrez gain, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuak aholkuak diseinatu eta hedatu zituen etxeetan elkarbizitza hobetzeko. 

2020an zerbitzuak guztira 13.564 pertsonari eman zien arreta, 2019an baino 1.692 gehiagori; eta 17.909 esku hartze gauzatu zituen, aurreko urtean baino 3.728 gehiago. Espedienteei dagokienez, 2.022 izan ziren, 2019an bezalatsu, 2.070 izan baitziren. Espedienteen % 90ek bikote harremana hautsi izanak eragindako gatazkekin izan dute zerikusia.

"Espediente bakoitzak lan gehiago eragin die bitartekaritzako taldeei, esku hartzeen eta artatutako pertsonen kopuruan izandako igoerak erakusten duen moduan", adierazi du Artolazabalek. Izan ere, bi horiek dira "zerbitzuaren jardueran eta eskaeran 2020an izan den igoera islatzen duten adierazleak".

Bereziki hirugarren hiruhilekoan izan da igoera hori; izan ere, bigarren hiruhilekoaren ondoren pandemia-egoera pasatu eta ekainean aurrez aurreko zerbitzuari berriz ekin zitzaionean, nabarmen egin zuen gora zerbitzuaren eskaerak. Urteko 2.022 espedienteetatik 206 konfinamendu-garaian ireki ziren, eta urteko gainerako hiru hilekoetan, beraz, 1.816 bitartekaritza-espediente.

FBZ familiei arreta emateko eta esku-hartze estrajudizialeko zerbitzua da, eta eremu neutral bihurtzen da edozein gatazkaren aurrean elkarrizketa berreskuratzeko bitartekaritzaren bidez. Borondatezko eta doako zerbitzua da, eta zuzenean jo daiteke bertara, hau da, ez dago zertan beste eremu batetik bideratu. Zerbitzua erabili ahal izateko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da honako telefono-zenbaki hauen bidez: 943 576 208 (Gipuzkoa); 945 171 125 (Araba); eta 944 277 788 (Bizkaia).

Artolazabalek azpimarratu duenez, "bitartekaritza gatazkak ebaztean komunikatzeko eta entzuteko bidea ematen duen eremua da, eta aukera ematen du gatazkak elkarrizketan oinarrituta kudeatzeko, familia-gaiak judizializatu beharrik izan gabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Medikuntza albisteak Koronabirusa Alarma egoera