Gizartea -
Bitxikeria
Midi d'Ossau mendia, Baionan bertan balego bezala
Jean-Phillipe Jubera argazkilari lapurtarrak erretratu eder bezain txundigarria egin du, eguraldi ona eta 600 mm-ko teleobjektiboa lagun. Argazkiak zeresana eman du sare sozialetan.
E.G. | EITB MEDIA
Argazkilaritzak magia egiteko balio du maiz, eta esan liteke horixe bera egin zuela duela bost egun Jean-Phillipe Jubera argazkilari lapurtarrak. Instagrameko bere profilean irudi eder bezain txundigarria zintzilikatu zuen: argazkian Baionako katedralaren orratzak ageri dira, eta atzeko planoan, hur-hurrean balego bezala, 113 kilometrora dagoen Midi d'Ossau (2.884 metro), Erdialdeko Pirinioetan.
Argitalpenean argazkilariak berak azaltzen duenez, "batzuetan, hegoaldeko haizea dagoenetan, gaur bezala, ikuspen sinestezina dago, eta horri esker, urrun daudenak, oso-oso urrun daudenak, ikus daitezke! Ni Midi d'Ossau menditik 113 kilometrora nago, Baionako katedralaren lehen plano honetan. Argi dago argazkia ez dudala sakelako telefonoarekin egin, baizik eta kamera reflex batekin eta 600 mm-ko teleobjektibo handi batekin".
Jubera argazkilariak 7.000 jarraitzaile ditu Instagramen, eta irudi honek bakarrik 3.700 atsegite eta 175 iruzkin jaso ditu egun gutxitan. Gehienek argazkiaren ikusgarritasuna goraipatu dute, baina izan da muntaia dela aurpegiratu dionik ere.