Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Lau gizon atxilotu dituzte asteburuan indarkeria matxistarengatik EAEn
Atxiloketak Bilbon eta Gasteizen izan dira. Bi gizonezko urruntze agindua hausteagatik atxilotu dituzte eta beste bi, bikotekideei eraso egiteagatik.
Erredakzioa
Lau lagun atxilotu ditu Ertzaintzak asteburu honetan indarkeria matxistagatik Bilbon eta Gasteizen. Horietatik bi, urruntze agindua hausteagatik, beste bi, ordea, bikotekidei eraso egiteagatik.
Bart, Gasteizen, emakume batek alaba ez zela etxera iristen ohartarazi zion Ertzaintzari eta bikotekide ohiarekin (urruntze agindua du) egon zitekeela esan zien. Agindua hautsi zuela ziurtatu ostean, 22 urteko gizona atxilotu dute.
Bestalde, 02:30ean, Bilboko Deustu auzoan 58 urteko beste gizon bat atxilotu dute bere bikotekide ohiaren etxebizitza ondoan zegoelako. Behin eta berriz emakumearen etxera deika egon da eta mehatxu egin dio.
Gainera, larunbatean beste bi lagun atxilotu zituzten bikotekideei eraso egiteagatik.
Lehen atxiloketa Bilboko Larraskitu auzoan egin zuen Ertzaintzak, izan ere, 30 urteko gizon bat bere bikotekidea ordenagailu batekin jotzen ari zen.
Bigarren atxiloketa Gasteizen egin zuten. Jatetxe bateko arduradunak emakume batek laguntza behar zuela esanez deitu zion Ertzaintzari. Biktimak buruan kolpe handi bat zuen eta ezpainetatik odoletan zegoen. Polizia ustezko erasotzailearen etxera joan zen eta atxilotu egin zuen 24 urteko gizonezkoa. Biktimaren esanetan, sei urtez jasan ditu tratu txarrak.