Gizartea -

Koronabirusa

Bizkaiko adinekoen egoitzetako erabiltzaileak otsailerako egongo dira immunizatuta

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak azaldu duenez, zentroen % 96ko egoiliarrek jaso dute lehen dosia. Agerraldia izan duten egoitzetan txertaketa atzeratu behar izan dute.

Aldundiak atzeratu egin du Muskizko Marcelo Gangoiti adinekoen egoitzako txertaketa. EITB MEDIA
Muskizko Marcelo Gangoiti adinekoen egoitza.
Aldundiak atzeratu egin du Muskizko Marcelo Gangoiti adinekoen egoitzako txertaketa. EITB MEDIA

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, otsail amaierarako adinekoen egoitzetako erabiltzaile gehienak covid-19aren kontra immunizatuta egongo dira. % 96k jaso dute lehen dosia, eta bigarren jaso ostean pasatu beharreko denbora igarota, birusaren aurrean babestuta egongo liratekeela uste baitu Aldundiak.

Hala adierazi du behintzat Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako foru diputatuak Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean. Amaya Fernandez PPko batzarkideak egindako galdera bati erantzunez txertaketa kanpainaren datuak eman ditu Murillok. PPko buruzagiak txertaketa "astiro" doala deitoratu du: "Euskadi azken furgoian doa, erratz-autoen gisa, azkena" beste erkidegoekin alderatuta. Fernandezen hitzetan, horrek heriotzak ekarriko ditu, batez ere adineko pertsonenak.

Murilloren ustez, ordea, txertaketa "espero genuen abiaduran doa aurrera". Zehaztu du agerraldiren bat izan duten zentroetako egoiliarrak kenduta, gainerakoek Pfizerren txertoaren lehen dosia jaso dutela jada. Salbuespenen artean aipatu ditu Muskizko, Zamudioko eta Artxandako Caser zentroak. Denetan atzeratu egin dute txertaketa.

Hori horrela, erabiltzaileen % 96k jaso dute lehen dosi hori. 230 erabiltzailek uko egin diote txertatzeari, eta beste 96 ezin dira txertatu alergiak edo beste gaixotasun bat dutelako.

Urtarrilaren 17an hasi ziren bigarren dosia ematen, eta ostiralerako Bizkaian dauden 154 egoitzetatik 86tan jasoa izango dute. Hori horrela, litekeena da otsaila amaierarako immunizazioak eragina egitea.

Menpekotasun handia duten pertsonentzako zentroetan erabiltzaileen % 86 txertatu dute lehen dosiarekin. 25 erabiltzailek uko egin diote eta lauri ezingo diete txertoa eman, osasun arrazoiak tarteko.

Adinekoen egoitzetako langileei dagokienez, "gehienek" jaso dute txertoa, eta % 20,6k uko egin diote.

Murilloren esanetan, "otsaila amaierarako artalde immunizazioa lortuko dugu Bizkaiko adinekoen zentroetako erabiltzaileen artean".

Diputatuak zehaztu duenez, zentroetako txertaketa bukatuta, menpekotasuna duten eta etxean bizi diren adinekoak eta euren zaintzaileak txertatuko dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia Euskadiko adinekoak