Gizartea -

KORONABIRUSA

89 pertsona hil dira azken astean eta 1.104 kasu berri atzeman dituzte

Astearte honetan 89 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten, eta egun 134 pertsona daude zainketa intentsiboetako unitateetan.

Anbulantzia bat Basurtuko ospitalean sartzen. Argazkia: EFE.
Anbulantzia bat Basurtuko ospitalean sartzen
Anbulantzia bat Basurtuko ospitalean sartzen. Argazkia: EFE.

N.B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eraginda, 89 pertsona hil dira Euskadin azken astean, hilaren 18tik 24ra doana, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Aurreko astearekin alderatuz gero, heriotza kopurua hazi egin da, 27 hildako gehiago izan baitira.

Eguneko datuei dagokienez, asteartean 15.837 test diagnostiko egin dira (astelehenean baino 2.122 gehiago), eta, haietatik, 1.104 positiboak izan dira, bezperan baino lau gehiago. Hori horrela, positibotasun tasa % 8an kokatu da (aurreko egunarekin alderatuta, puntu bat jaitsi da).

EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, asteartean 89 pertsona ospitaleratu zituzten, aurreko egunean baino hiru gehiago, eta une honetan 560 gaixo daude ospitaleratuta, aurreko balantzean baino 12 gehiago, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 134 pertsona daude, astelehenean baino bederatzi gehiago.

Bestalde, urtarrilaren 18tik 24ra bitarteko astean metatutako datuak aztertu ostean, ondoriozta daiteke 89 heriotza izan direla covid-19aren ondorioz, duela hilabetetik izan den altuena; izan ere, iazko abenduko bigarren eta hirugarren asteetan ehun hildako inguru izan ziren, bigarren olatuko daturik txarrenak lortuta.

Datu horiekin, 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du, eta 588,03an dago Euskadi osoan. Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaia (635,14 kasu) eta Araba (571,46) daude eremu gorrian, eta Gipuzkoa, berriz, mugan (499,40 kasu).Positibo berri gehienak Bizkaian erregistratu dituzte, 609 kutsatze berri, astelehenean baino 19 gutxiago, eta Gipuzkoan 297 positibo berri (34 gutxiago) eta Araban 179 kasu berri atzeman dituzte, astelehenean baino 41 gehiago.Halaber, 19 kasu positibo erregistratu dituzte Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren pertsonen artean, aurreko eguneko lau kasuengatik.

Duela astebete baino gehiago bezala, oinarrizko ugalketa kopuruak, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duenak, jaisten jarraitzen du eta 1,11koa da. 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoerari dagokionez, nolabaiteko egonkortasuna dago; izan ere, astelehenean transmisio-gune gorria deiturikoan zeuden 34 udalerrien aurrean, metatutako 500 kasuen gainetik, astearte honetan 35 ziren, Basauri horretan sartu baita.

Bestalde, egoera zertxobait hobetu da ikastetxeetan; izan ere, asteazken honetan 153 ikasgela itxi dituzte, bezperan baino 11 gutxiago, hau da, 17.554 ikasgelen % 0,87, bi urtetik unibertsitatez kanpoko hezkuntzara arte.

Koronabirus kasuren bat duten ikastetxeen kopurua 107koa da, hau da, asteartean baino lau gutxiago, eta Aizarnako (Zestoa, Gipuzkoa) "eskola txikia" bi geletako jarduera presentziala etenda dago oraindik.

Erresidentziak

Bizkaiko erresidentzia sareko bost erabiltzaile hil dira azken orduotan covid-19arekin, ondorioz, 179 dira bigarren olatua hasi zenetik hildakoak. Era berean, 299 dira positiboak, aurreko balantzean baino 12 gehiago.

Gizarte Ekintzak azaldu duenez, atzo 173 erabiltzale zeuden covid-19 gaitzaren proban positibo emandakoak (bezperan baino bi gutxiago), eta 45 ziren ospitalean ingresatuta zeudenak (bat gutxiago).

Bestalde, 2.898 dira gaixotasuna gainditu duten erresidentzietako erabiltzaileak, hau da, positibo eman ostean negatibo eman dutenak; eta azken orduotan 16 pertsona sendatu dira.

Zentroetako langileei dagokienez, 218 positibo daude (aurreko zenbaketan baino sei gehiago), eta 79 daude isolatuta (covid-19a baieztatu gabe), bezperan baino hiru gehiago.

Gaur egun, 15 zentro daude kaltetutako egoiliarrekin: Miserikordia-Bilbo (37), Truiuondo-Zamudio (37), Caser Artxanda-Bilbo (20), Calzada-Gernika (20), Indautxu Gurena-Bilbo (10), Santamariñe-Urduliz (10), Arratiako Egoitza-Dima (9), Gallarta-IFAS laguntza-zentroa (6), Marcelo Gangoiti-Muskiz (5), San Roke-Markina (5), Ercilla-Bilbo (4), Beato Domingo Iturrate-Getxo (3), Txurdinagabarri-Bilbo (3), Leon-Trucios (3) eta Bilbozar-Bilbo (1).

Gainera, koronabirusak eragindako infekzio kasuak artatzeko Birjinetxeko unitate soziosanitarioan 87 pertsona daude. Horietatik 66 egoitza sarearen erabiltzaileak dira, eta 21, berriz, zaurgarritasun egoeran daude eta berrogeialdia egiten ari dira ospitaleratu ondoren.

Era berean, Unbeko izaera soziosanitarioko unitate espezializatuak 26 pertsona hartzen ditu. Horietatik 15 egoitza sarearen erabiltzaileak dira eta 11 hauskortasun egoeran dauden pertsonak.

Aldundiak, DYA Gipuzkoarekin batera egiten dituen PCR probek lau positibo berri atzeman dituzte azken orduetan lurraldeko egoitzen erabiltzaileen artean (60 kasu aktibo), baina ez da hildakorik izan.

Foru Aldundiak jakitera eman duenez, egoitzetako erabiltzaile batek gaixotasuna gainditu du azken orduetan, eta 34 pertsona daude ospitaleratuta Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan: Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.

Gaixotasunaren kasu aktibo gehien dituzten egoitzak Debagoiena (17), Bermingham (16) eta Gurutze Gorria (13) dira. Covid-19aren pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 614 pertsona sendatu dira eta 150 hil dira.

Arabako adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean beste lau kasu atzeman dituzte, horietako bi Gasteizko Ajuria zentroan eta beste bi Sallurtegikoan (Agurain).

Bi egoitzetan egindako baheketetan positibo eman duten lau pertsonak sintomarik gabe daude, Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Nafarroako egoera

Azken orduotan, Nafarroan behera egin dute positibo berriek (179 kasu), eta 200 baino gutxiago izan dira, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Bestalde, Espaniako Estatuari dagokionez, Osasun Ministerioak 40.285 positibo berri eta 492 hildako gehiago jakinarazi ditu asteazken honetan, eta azken 14 egunetan 899,93 kasu izan dira ehun mila biztanleko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak